Gizarte zerbitzu publiko eta unibertsalen beharraren garrantzia azaldu du LAB sindikatuak. EAEko parlamentuari aurkeztuko dizkiote sinadurak, bihar goizean
![LAB__sinadura_bilketa](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/02/LAB__sinadura_bilketa.jpg)
Zerbitzu sozial hobeak aldarrikatzeko sinadura bilketa antolatu zuten LAB sindikatuak, atzo Ordiziako udaletxe azpian. Jende ugari hurbildu zen sinatzera, eta informazio bila ere inguratu ziren hainbat.
«Guztioi eragiten digun kontua da», adierazi du Yoana Mendez Buruntza Goierri talde sozio-komunitarioko arduradunak. Bizitzan zehar momentu txarren bat pasatzen ari, eta gizarte-laguntzaren baten beharra izan dezakegula azaldu du, eta horren aurrean zerbait egin beharra dagoela.
Hainbat dira babes soziala behar duten egoerak, hala nola, menpekotasuna, babes eza, bazterkeria, gabezia materialak izatea eta bortxakeria matxista. Horrelakoei aurre egiteko daude zerbitzu sozialak. «Duintasunez eta autonomiaz bizi nahi dugu», azaldu du sindikatuak. Horregatik, egoera latz horien aurrean administrazioak eskubide hori bermatu behar duela azaldu du.
Behar eta premiak, gora
Egungo gizarte zerbitzuen egoera «oso kezkagarria» dela jakinarazi du LABek. Gizarte laguntza eskatzen dutenen kopurua igo egin dela, eta behar eta premiak ere handitu egin direla azaldu du. Gainera, lehendik «ahulak» ziren gizarte zerbitzuengan krisiak are eragin handiagoa izan duela jakinarazi dute. Askotan, gizarte zerbitzuetan ematen diren lan baldintzen ondorioz, laguntza egokia eskaintzea «ezinezkoa» dela ere azaldu du LABek.
Biharkoa da sinadura bilketa «masiboa» egiteko eguna, baina lehendik bilketa lanetan hasi direla azaldu du Mendezek. Gizarte zerbitzu publiko eta unibertsalen beharra aldarrikatu du sindikatuak. Hainbat izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuari luzatuko dizkioten eskaerak. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentroetan lan taldeak handitzea; eta bestetik profilen eta funtzio profesionalen hedapena bermatzeko eskatu du, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin. Horrez gain, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea eskatu du zerbitzu sozialetako langileen beharrekin lotutako ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.