Legazpi, Zumarraga eta Urretxutik behera egoera «eskasa» du Urolak. Oria gehiena egoki dago oro har, baina Urtsuaran eta Eztanda okerrago daude. Hiru urtegiak, ondo
Hogei urtean bildutako datuekin, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Ura agentziak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ur masen egoera ekologikoa nolakoa den azaldu du, berriki. Ibaiak, errekak, urtegiak, lurpeko urak, hezeguneak eta kostaldea aztertu dituzte. Goierriri dagokionez, Oria eta Urola ibaien arroak azken urteetan hobetu diren arren, zenbait tokitan oraindik ekologikoki kaskarra edo erdibidekoa da egoera.
Uren kalitate fisiko-kimikoa, biotaren egoera eta habitat fisikoaren ezaugarriak (morfologia, landaretza) behatu dituzte programan. Hori «uren osasun ekosistemikoa aztertzeko termometroa» dela dio agentziak.
Ingurumen erronka handienetakoa, ur masen egoera ona lortzea dela ere gaineratu du.
EAEko ibaien artean, Zadorraren, Ibaizabalen eta Oriaren arroak dira egoera ekologiko okerrena dutenak. «Oriaren unitate hidrologikoan egoera ez da batere egokia, zati zabalak baitira egoera ona ez dutenak», dio txostenak, ondorioen atalean.
Oriaren arroa, okerretakoa
Oria ibaiaren arroa Gipuzkoako zabalena da, herrialdearen %40 inguru hartzen du. Goierrin biztanle gutxiko eremuak baditu, Aralar eta Aizkorri aldea. Baina industri jarduera handia dago, eta historikoki paper fabrikak ere egon ziren. «Industria horiek oso kutsatzaileak dira, eta uraren kalitatean arazo larriak eragin izan dituzte», dio Ura-k.
Dena den, industriak gaur egun isurtzen duen kutsadura karga «garai batekoa baino askoz txikiagoa» da.
Erreka hartuta, Oria ibaiaren beraren egoera ekologikoa «zuzena» da, orokorrean, Amezketa errekaren ahoraino. Goierriko ibilbidearen zati handiena egoera ekologiko «onean» dago; handik behera kaskartu egiten da.
Agauntza erreka, Ataunen.
Herri gehienak araztegira lotuta daude ur zikinak tratatzeko, baina oraindik zenbait herri txiki eta auzo sarera bildu gabe daudela ohartarazi du Ura-k.
Hala, urak Oria ibaira isurtzen dituzten erreka batzuek ez dute egoera ona. Urtsuaranek eta Eztandak ez dituzte betetzen UEZ Uraren Esparru Zuzentarauak —Europan hierarkia goreneko araudia da arloan— ezarritako gutxieneko kalitate mailak. «Egoera ekologiko neurritsua edo eskasa dute».
Oriaren bailarako beste erreketan —Agauntzan eta Amundarainen— egoera «ona» da. Hala eta guztiz, Oriaren ardatzean gaur egungo egoera ez da «optimoa edo ezin hobea». «Kontuan izan behar da lehenago hiri eta industri kutsadura larri-larria zuela». Garai batean oso kutsatuta zeuden zati batzuetan hobekuntza izan da, ordea.
Urolak egoera kaskarra
Urola ibaiaren kasuan, Legazpi-Zumarraga-Urretxu hirigunera arteko zatia ondo baldin badago ere, hortik beherako zatiak «egoera eskasa» du, «nahiz eta araztegia badagoen». Ibaiak diluzio gaitasun oso mugatua duela ondorioztatu du Ura-k. Azkoititik Aizarnazabalera hobea da.
Urtegien egoera ere aztertu du txostenak. Goierriko hiru nagusietan egoera kimiko eta ekologiko «ona» daukate. Barrendiola da Urolaren arrokoa, eta Arriaran eta Lareo Oriarena.