Azaroan argitaratu zuen 'Y los vascos se echaron al mar' liburua, eta bihar kultur etxean aurkeztuko du, 19:00etan. Historian zehar euskaldunek itsasoarekin izan duten harremanaz ariko da
Jose Antonio Azpiazu historialari legazpiarrak
Y los vascos se echaron al mar liburua aurkeztuko du bihar kultur etxean, 19:00etan. Bere azken lana da, eta euskaldunek historian zehar itsasoarekin izan duten harremana jasotzen du bertan. Azaroan argitaratu zuen, Ttarttalo argilatxearekin, eta hainbat lekutan aurkeztu du ordutik. Bihar, bere jaioterrian izango du aukera. Etzi, berriz, Donostian egingo du aurkezpena, 18:30ean, Elkar aretoan.
Azpiazuk ia 40 urte daramatza historialaritzan, eta argitaratu dituen lan gehienek itsasoarekin dute zerikusia. Izan ere, Azpiazuren hitzetan, euskaldunon historia erabat lotuta dago itsasoarekin, eta gaur egungo Gipuzkoa eta Bizkaia ezingo lirateke ulertu itsasoaren presentziarik gabe. «XII. mendetik hasita, euskaldunak itsasora begira bizi izan gara; itsasoa ezinbestekoa izan zen hemen ekoitzitako burdina beste herrialde batzuetara saltzeko, eta kanpotik beste produktu batzuk ekartzeko», azaldu du legazpiarrak.
Urte guzti hauetan bildutako informazioa baliatu du Azpiazuk liburua idazteko. Osatzeko, Oñatiko, Tolosako eta Valladolideko artxibategietan ere arakatu du. Urte eta erdi inguru pasa du informazio interesgarriena bildu eta liburua osatzen.
Itsasgizonak, piratak…
Hainbat eta hainbat gai ukitzen ditu liburuan: itsasoak kostan zein barnealdean izan duen berebiziko garrantzia, itsasgizonen bizimodua, itsasoko arriskuak, piraten eta kortsarioen pasadizoak, itsasertzeko bizimodua, emakumeen papera…
Hori dena, artxibategietan aurkitutako dokumentuetan oinarrituta, eta ahalik eta modu errazenean azalduta. Izan ere, dibulgazioa da Azpiazuren helburua. Bere lanetan, gauzak modu erakargarrian eta ulerterrazean azaltzen saiatzen da, historia gizarteari gerturatzeko asmoz.
Biharko aurkezpenaren xedea ere hori da: liburuko pasarterik esanguratsuenak eta berezienak legazpiarrei kontatzea, historiarekiko interesa pizteko, eta, ahal bada, liburu osoa irakurtzera bultzatzeko. Burdinola Elkarteak antolatu du ekitaldia. Izan ere, Azpiazu Oñatin bizi bada ere, harreman estua du Legazpiko Burdinola Elkartearekin.