Martxoaren 8aren harira hainbat ekitaldi egingo dira datorren astean. Emakumeen eskubideen urraketak, erasoak eta berdintasun eza salatuko dituzte, besteak beste
Emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna eta jendarte eredu parekidea aldarrikatzeko eguna da Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna. Aldarri horiek oinarri hartuta, hainbat eta hainbat mezu zabalduko dira egunotan. Emakundek, esate baterako, batez ere haurrengan eta nerabeengan jarri ditu begiak. Berdintasuna eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu da aurtengorako erabiliko duen leloa. Era horretan, haurrek eta nerabeek egunerokoan jasotzen dituzten mezu sexistak izango dira kanpainaren ardatz.
Bilgune Feministak, berriz, Feminismoak egingo gaitu herri lelopean, emakumeen aurkako indarkeria desberdinak «normaltzat» hartzen diren egoeran emakumeak ez direla «bakean» bizi nabarmenduko du.
Aldarrikatzeko unea
Goierriko hainbat herritan egingo dituzte ekintzak martxoaren 8aren harira. Joan den astean aurkeztu zuten, esaterako, Ordizian emakumeen nazioarteko egunaren bueltako egitaraua. Erabilitako lema berdintasuna denon kontua da izan zen, eta hala aldarrikatu zuten.
Datuei erreparatuz, soldaten arteko erraila aipatu zuten, baita pobreziak emakume aurpegia duela ere, eta indarkeria sexistak azken urteotan hartu duen egunerokotasuna. «Bide luzetsua dugu parekidetasuna lortzeko», nabarmendu zuten. Bestalde, argi utzi zuten berdintasuna lortzeko emakumezko eta gizonezkoen parte hartzea ere beharrezkoa dela, eta elkarrekin egin beharreko kontua dela: «Ezinbestekoa da espazio komunak elkarbanatzea, denok eskutik helduta joatea». Horrela, erakunde desberdinek eta herri agintariek jarraitu beharreko ildoa zein den azaldu zuten: emakume eta feministen taldeekin batera ezberdintasunak desagertzeko bideari heltzea, generoen arteko berdintasuna lortzeko.
‘Zegamako emakumeak’ argazki proiekzioa
Zegamako Udaleko Berdintasun Sailak eta Batzordeak egitarau bete-betea antolatu dute Martxoaren 8aren inguruan. Zegaman emakumeek gizartean betetzen dituzten rolak eta egiten dituzten lanak eraskustea nahi dute. Martxoaren 8tik 22ra bitartean, esate baterako, Zegamako Emakumeak argazki proiekzioa ikusgai egongo da udaletxean. Herritarren artean osatuko dute erakusketa; edonork parte har dezake. Horretarako, astelehena baino lehen, Parte hartu nahi duten Zegamako emakumeek argazkiak bidali behar dituzte berdintsunazegama@gmail. com posta elektronikora.
Hilaren 12an 13 urtetik gorakoentzako egingo den autodefentsa tailerrerako izena ere helbide horretan eman behar da. Bihar da azkeneko eguna. Emagin elkarteak gidatuko du tailerra.
Margolaritzaren magia, Ordiziako kaleetan zehar
Orri zuri baten aurrean idazten hastea bezala da margotzea. Hasieran, beldurrak har zaitzake, baina jakin beharreko lau bat ildo barneratuta, nahi gabe ateratzen dira askotan hitzak, eta margo pintzeladak. Hala azaltzen du berarentzako zer den margotzea Patxi Morales Ordiziako Barrenako margolaritza irakasleak. Baina ez da hor amaitzen kontua: «margotzeak magia du, ezerezetik zuk sortzen duzu nahi duzuna». Horrez gain, elkartzeko aukera aproposa luzatzen du margolaritzak, elkarren ondoan jarri, eta norberak barnean duen imaginazioari askatasuna ematea. Horrela, hainbat emakume astean behin biltzen dira bere klaseetan.
«Zortzi gara taldean», azaldu du Mila Sarasola ikasleak. Atzo goizean kalera irten ziren beraien margolanak erakustera. Parisetik Txindokira, hainbat obra eder ikusteko aukera izan zen. Lan horiek martxoaren 7tik 18ra bitartean ikusteko aukera egongo da Zuhaizti zentroan jarriko duten erakusketan.
Margoak baino gehiago
Duela hamar bat urte hasi zen Sarasola pintatzen, eta oso gustura dago klasean duten giroarekin: «Bidaiak ere antolatzen ditugu. Aurten, Sofiara (Bulgaria) joateko asmotan gabiltza».
Margoak hartzea eta pintzeladak ematea baino gehiago da margotzea. Sarasolak bere kasua hala azaldu zuen: «Margolaritzak salbatu egin ninduen». Bolada txarra ari zen pasatzen, eta pintatzeak berriz ere ilusioa ekarri zuen bere bizitzara, «edozein sendagai baino hobea» izan dela azaldu zuen. Margolaritza, elkarrekin egoteko eta norbera «garatzeko» aukera ezin hobea dela ere nabarmendu zuen.