Zuhaitzak landatzeko denboraldia bukatu da eta udaberri seinaleak agertzen hasi dira. Zizak eta onddoak protagonista Mikel Lasaren postuan, eta lehen geranioak Azanzarenean.
Batzuen joana besteen etorrera, bizitzaren martxaren seinale ugari jasotzen dira merkatuan ere. Atzo adio esan zuten zuhaitz landare saltzaileek. Urte hasieratik Juan Amezketa kalean izan dira, eta datorren urtera artekoak egin dituzte. «Oso aurreratuak zetozen aurten arbolak, baina azken asteotan hotzarekin gelditu dira piska bat, eta betiko garai beretsuan bukatu dugu hemengo joan-etorria— adierazi zuen Dorronsoro ataundarrak. Plazan sagarrak saltzen dituen Errezilgo Joxe Antonio Aizpuruk ere atzo zuen azken astea, «San Juan sagarrak hasi arte». Aldiz, udaberria iragarriz «zozoak pozik ari dira ia kantari», zioen Pepita Aiestaranek eta «nik atzo kukua Ataunen entzun nuen» Patxi Aierbek.
Eskaintzari erreparatuz, egutegi behar handirik gabe asma daiteke zein garai den, santutegiaren marka nabarmenak barne. Atzo, erramu adarrak lekuko: 0,10 eta 3 € artean ziren salgai. Edo geranio bakar batzuk, lehenak, Azanzarenean: «Igandeko Segurako lore azokarako prestatzen ari gara, datorren astetik aurrera aukera handia izango da».
Lasaren postuan udaberriko zizaz gain (30 kilo, 50 euroan kiloa), onddoak ere baziren (10 kilo, 30 €an), kanpokoak.
San Joseko usadio zaharrari eutsiz arkumea aukeratzen duenak jakin beza Ordizian 4 €an saldu direla eta 3,15 €+BEZ dela etxez etxeko bilketaren prezioa.
Prezioa eta jatorria
Ordiziako zein Tolosako azoken ezaugarri eta antzekotasunak ikusirik, horien dinamizaziorako lankidetza martxan jarri zuten 2015eko maiatzean. Elkarrekin egin duten egitasmoetako bat da etiketen marka. Ordiziako azokan goizeko 11:00etan Tolosako udal ordezkari eta teknikariak izan ziren baserritarrekin batera prezio identifikatzaileen egitasmoaren berri ematen. Erosketa ohiturak berreskuratu eta gazteak herriko azoketara erakartzeko nahia, eta asteroko azoken garrantziaren kontzientzia berreskuratzeko deialdia da hau: azoka gune bizia da, kalitate oneko produktua eskaintzen duena, bertako lurraldean eragin zuzena duena.
Saltzaileen esku etiketak jarri dira produktu bakoitzaren prezioa eta jatorria marka dezaten. Saltzaile bakoitzak egokiena ikusi duen moduan egin du bere proiektua. Argigarriena iruditu zaion formula erabiliz. Askok, edozein produktu delarik ere, «etxekoa» idatziz identifikatu dute.