Igandeko Bilboko manifestaziorako deia egin dute Goierriko preso ohiek
'Amnistiaren bidean, euskal preso eta iheslariak etxera' lelopean Casillatik 12:00etan abiatuko da manifestazioa. Bihar Beasainen hitzaldia egingo dute gai berarekin
Loinaz Agirre
Goierri
Euskal Herriko 1.500 euskal preso eta iheslari ohiek tartean daude 89 goierritar, igandean Bilbon egingo duten manifestazio nazionalera joateko deialdia egin dute. Euskal presoen eta iheslarien etxeratzea aldarrikatu nahi dute Bilboko mobilizazioarekin. Casillatik 12:00etan abiatuko da manifestazioa Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera lelopean.
Goierriko hamabi herri nagusienetan Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte. 10:00etan abiatuko dira autobusak.
Ostiralean Urretxun Goierri garaiko preso eta iheslari ohiek egin zuten bezala, atzo Ordizian egin zuten agerraldia Goierri behekoek: «Hemen agertzen garen preso eta iheslari ohiok han izango garela adierazten dugu. Baina aldi berean herritar guztioi dei egin nahi dizuegu igande horretan Bilbora joan eta zuek ere aldarrikapen bera egin dezazuen».
Salbuespen egoeran
Agerraldian zehaztu zutenez, «ETAk borroka armatuari amaiera eman eta 4 urte baino gehiago pasatu eta gero, inork espero ez zuen jarrera bortitza mantentzen dute estatuek; beraiek dira gaur egun helburu politikoak eskuratzeko indarkeria darabiltenak. Euskal preso eta iheslari politikoen aurkako bortizkeria, jazarpena, zigor erantsiak…». Era horretan, «bahitu politiko gisa dituzte, salbuespen neurriak ezartzen dizkiete, eta haienarekin batera beren senideen sufrikarioa areagotzetik etekin politikoa atera nahian ari dira etenik gabe Madril eta Parisetik».
Goierri Garaiko preso ohiek ostiralean egin zuten agerraldia.
Egoera horren aurrean, Goierriko 89 preso eta iheslari ohiek martxoaren 13an Usurbilen (Gipuzkoa) aurkeztu zen Abian da bidea manifestuari atxikimendua berretsi zutela gogoratu zuten. Honela, «Amnistia eta Presoen Askatasunaren bidean lan egiteko konpromisoa hartu nahi dugu, betiere Euskal Presoen Kolektiboak helburu horrekin kolektiboki hartu eta hartzen dituen erabakiak babesteko eta bultzatzeko konpromisoa».
Norabide horretan, «herritar orori dei egiten diegu presoen eta iheslarien eskubideen alde egiteko». Hain zuzen ere, besteak beste, igandean Bilbon egingo den manifestazioarekin bat eginez.
Sare-k ere bat egin du
Sare Herritarrak taldeak bat egin du igandeko deialdiarekin. «Espainiako gobernuari eskatzen zaiona, salbuespenezko legedia bertan behera uztea da, gure herrian existitzen den minari min gehiago gehitzea helburu duena», diote Saretik. Espainiako eta Frantziako 74 espetxe desberdinetan 400 bat euskal preso daudela gogorazi du Sarek. Era horretan, «konponbiderako urrats eta ekimen guztiak babestuko dituela» nabarmendu du.
Goierritik autobusak antolatu dituzte
Goierriko hamabi herri nagusienetan autobusak antolatu dituzte igandean Bilbora joateko; 10:00etan aterako dira autobusak. Antolatzaileek izena aurrez eman behar dela jakinarazi dute: Ataunen, Troskaeta eta Sutegi tabernetan; Beasainen Arranon; Idiazabalen Xumen, Izparren eta Hodein; Itsasondon Kaxintanen; Lazkaon Ansoategin eta Okerren; Legazpin Lekanazpin eta Karibe Zaharran; Legorretan, Olason eta Aldapa Haundin; Ordizian Gaztetxean eta Herrikoan; Ormaiztegin Zipotzen; Seguran Elorripen; Urretxun eta Zumarragan Apatxen, gaztelekun, Hirukian eta LABeko egoitzan; eta Zaldibian Joxepanen.
Bihar hitzaldia Beasainen
Era berean, bihar, 19:00etan hasita, Beasaingo Arrano Elkartean, Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera lelopean hitzaldia egingo dute hiru preso ohiek: Juan Mari Olano gaintzarrak, Joxe Migel Azurmendi beasaindarrak eta Antton Lopezek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.