Uzbekistanera eta Istanbulera egindako bidaiako argazkiekin ikus-entzunezkoa osatu du: 'Marko Polo jarraituz'. Etzi Legazpin eskainiko du, kultur etxean, 20:00etan.Noiz egin zenuen Uzbekistanera bidaia?Iazko abuztuan, bikotearekin. Istanbulera joan gin...
Uzbekistanera eta Istanbulera egindako bidaiako argazkiekin ikus-entzunezkoa osatu du Aitor Casado bidaiariak: ‘Marko Polo jarraituz’. Etzi Legazpin eskainiko du, kultur etxean, 20:00etan.
Noiz egin zenuen Uzbekistanera bidaia?
Iazko abuztuan, bikotearekin. Istanbulera joan ginen, han egun bat pasa, eta handik Uzbekistanera. Jendeari nora nindoan esaten nionean, zoratuta nengoela esaten zidaten.
Kistan amaiera duenez, ideia okerra dugu herrialdeaz.
Marko Polo jarraituz izena jarri diozu bidaian ateratako argazkiekin osatu duzun ikus-entzunezkoari. Zergatik?
Marko Poloren garaian Uzbekistanek indar handia zuen. Asiako erdigunean dago, eta hor elkartzen ziren zeta bide guztiak. Bide horietan ez zen zeta bakarrik mugitzen: espezieak, zilarra, armak… Merkataritzan garrantzia eta historia handiko eremua izan da.
Eta gaur egun nolakoa da Uzbekistan?
Baditu hiruzpalau zonalde turistiko, baina gehiena basamortua da. Hiri turistikoak oso lotuta daude merkataritzarekin, merkatuak eta abar. Hiriburua, Taxkent, oso txikia da, eta administrazioa du soilik. Horrez gain, beste hiru zonalde historiko daude: Khiva, Bukhara eta Samarkanda. Hiruak oso antzekoak dira, baina bakoitzak bere xarma du. Oso koloretsuak dira denak: mezkitak, mardashak —korana ikasteko guneak—…
Zer da gehien txunditu zintuena?
Aral itsasoak: basamortua da. Munduan izandako desastre ekologiko handiena da. 400 kilometro inguruko itsasoa zegoen bertan. Sobietarren garaian, ordea, kotoiaren indargunea izan nahi zuten, eta kanal pila bat eraiki zituzten kotoi sailetara ura bideratzeko. Ondorioz, gero eta ur gutxiago iristen zen Araleko itsasora, eta desagertzen joan da. Gaur egun, Araleko portutik itsasoraino 250 kilometro inguru egin behar dira. Ez dago urik. Itsasontziak daude basamortuan. Txundigarria da.
Eta zein gauza berri ikasi zenituen?
Bitxikeria asko ikusi nituen. Adibidez, musulmanak dira, baina ez beste herrialde batzuetan bezain zorrotzak. Esaterako, alkohola edaten dute askok, eta mezkitetan ez dago errezurako deirik —debekatuta dago—. Hango jendeak azaldu zidanez, herrialdea Errusiaren mende egon zenean erregimen gogor batean bizi behar izan ziren, eta islama ia debekatuta zegoen. Baina orain esaten dute: ‘Eskerrak hari, zeren bestela gaur egun Uzbekistan ere Pakistan bat, edo Afganistan bat edo Siria bat izango zen’. Azken finean, Uzbekistanek Afganistanekin muga egiten du.
Herritarrekin nolako esperientzia izan zenuten?
Herritarrak oso maitakorrak ziren. Argazki pila bat ateratzen zituzten gurekin. Uzbekeraz eta errusieraz hitz egiten zuten, baina moldatzen ginen elkar ulertzeko.
Uzbekistanetik bueltan, Istanbulen geratu zineten berriro.
Bost egun pasa genituen Istanbulen, gure kontura. Leku turistikoetara zein jende gutxi joaten denetara joan ginen.
Hurrengo bidaia, nora?
Aurten Islandiara goaz. Iranera joateko asmoa genuen, baina Parisko eta Bruselasko atentatuen ostean pentsatu genuen hobe izango zela aurreragorako uztea, badaezpada.
Bidaiei buruzko blog bat ere ireki duzu.
Mendikoaz gain, bidaietakoa ireki dut, jendeari ezagutzen ez dituzten lekuak erakusteko:
pasaporteawonderland.com. Irailean sortu nuen. Orain arteko bidaietako argazkiak igotzen ari naiz bertara.
Bidaia ugari egin dituzu. Nondik datorkizu zaletasuna?
Lehen mendira joaten nintzen, baina hainbat lesio izan nituen, eta uztea erabaki nuen. Orduan, beste mota bateko oporraldiak antolatzen hasi nintzen. Birmaniarako bidaia batean izena eman nuen, eta bidaia hartan nire bikotea ezagutu. Ordutik, bikotearekin bidaia ugari egin ditut, bioi gustatzen baitzaigu.
Urte osoa pasatzen duzu abuztuko bidaia antolatzen.
Urte eta piku irauten dit bidaia bakoitzak. Lehenengo ikasten hasten naiz: zer ikusi, nola joan, hango kultura eta historia, nobelak zein blogak irakurri… Joan aurretik ahalik eta gehien jakitea gustatzen zait. Etorritakoan, berriz, blogean erreportajeak egiten hasten naiz, eta abendu aldera ikus-entzunezkoa prestatzen hasi. Eta dagoeneko hasi naiz Islandiako bidaia antolatzen. Hortaz, bidaia bat bestearekin lotzen dut azkenean.
Bidaiatzeko zaletasuna argazkilaritzarekiko zaletasunarekin lotzen duzu, ezta?
Nik beti esaten dut ez naizela bidaiatzen duen argazkilari bat. Alderantziz: argazkiak ateratzen dituen mendizalea eta bidaiaria naiz. Lehenago mendizalea eta bidaiaria, argazkilaria baino. Denbora gutxi pasatzen dut argazkiak ateratzen.
Nolakoa izango da etzi eskainiko duzun ikus entzunezkoa?
Hiru ordu laurden iraungo ditu. Musikari garrantzia handia eman diot. Hango musika sartu dut. Normalean oso harrera ona izaten dute ikus-entzunezkoek. Dagoeneko herritar askok esan didate joango direla.