Mieltxok eman die hasiera San Migel jaiei Ezkion
Bihar arte luzatuko da jai egitaraua
Mieltxo kanpandorretik behera jaitsitakoan hasi ziren atzo San Migel jaiak Ezkion, bihar iluntzera arte luzatuko den egitarau zabala irekiz. Txalaparta doinuek lagundu zioten pertsonai berriari jaien irekiera unean, giro ederra sortuz herrigunean. Goizaldera arte luzatu zen festa.
Jaiek gaur dute jarraipena. Herri bazkariaren eguna da, eta arratsalde-gauean umeentzako jolasak, Ezkio eta Bidaurretako abesbatzen emanaldia, mozorro festa eta karaokea izango dira, besteak beste.
Mezarekin irekiko dira igandeko ekitaldiak. 11:00etan da, eta amaieran, 12:00etan, Izazpira lasterketa herrikoia hasiko da. Haurrentzako gunea eta trikitixa izango dira eguerdi inguruan. Arratsaldean, Elorriaga aita-semeak, Ugarteburu eta Esnaola aizkolariak arituko dira lehian, barrikotea egingo da ondoren eta Mieltxo kanpandorrera itzuliz esango diete agur sanmielei.