Elkarbizitza astea dute Legazpiko Haztegi ikastolan, eta, beste hainbat ekintzaren artean, Latxartegi parkea garbitu dute. Astebetez ikusgai egongo da bildutakoa
![Legazpin_zaborra_jasotzen](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/06/Legazpin_zaborra_jasotzen.jpg)
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekintza egiten ari dira Legazpin. Astelehenean, udalak eta ur kontsortzioak komunetik zaborrik ez botatzeko deia egin zuten. Haztegi Ikastolako ikasleek, berriz, eskularruak jantzi eta herriko garbitzaileei lagundu zieten Latxartegi parkeko zaborra jasotzen. Batetik, zaborrontzietako hondakinak jasotzen lagundu zieten. Bestetik, parkean bertan jendeak lurrera botatako paperak eta bestelako zikinkeria jaso zuten.
![Latxartegiko_zaborra](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/06/Latxartegiko_zaborra-300x221.jpg)
Latxartegiko parkean, herriko beste eremu batzuetan bezala, zikinkeria asko agertzen da lurrean, batez ere, asteburuaren ondoren. Asteleheneko ekintzak helburu garbia du: ikasleak zein herritarrak kontzientziatzea. Herritarrak Latxartegin pilatzen den zabor kopuruaz ohar daitezen, bildutako guztia ikusgai utzi dute poltsetan. Astebetez egongo da bertan.
Latxartegin urteak daramatzate
Baietz txukun kanpainarekin. «Asko erabiltzen den eremua da, baita asko zikintzen dena ere», adierazi zuen Erik Galvez zinegotziak. «Urtean 328.000 euro gastatzen ditu udalak kaleak garbitzeko, herritar bakoitzeko 38 euro».
Garbitzaileek adierazi zutenez, lurrera botatzen diren paperez gain, txakur kaka ere arazo handia bihurtu da. «Berrogei zaborrontzi daude herrian txakur kaka botatzeko, baina jendea ez dago kontzientziatuta», adierazi zuten.
Gaur hitzaldia izango da
Ingurumenaren eguneko ekintzekin amaitzeko, gaur hitzaldia egingo dute Gizarte Zentroan, 18:00etan. Hondakinak nola sailkatu azalduko dute.