Shakespeare-en ametsa, goierritarren ikuspegitik
Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan, Shakespeare-en 'Uda gau bateko ametsa' antzezlana eskainiko dute hilabetez Kristina Enea parkean. Sarrera guztiak amaitu dira
Ikuskizun baten arrakasta sarreren salmentarekin neurtzerik badago, Uda gau bateko ametsa antzezlanak izugarrizko arrakasta izan du. Hilabete oso batez, atzo hasi eta uztailaren 24ra bitartean, gauero antzeztuko dute Shakespeare-en obraren egokitzapena, Donostiako Kristina Enea parkean. Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan antolatutako ekintza da, idazle ingelesaren heriotzaren 400. urteurrena aprobetxatuz. Emanaldiekin hasterako, sarrera guzti-guztiak saldu dituzte.
Antzezlan berezia da Uda gau bateko ametsa. Batetik, lekuagatik, ez baita ohikoa izaten antzezlanak kanpoaldean egitea. Gainera, parkean zehar ibilbide bat osatu beharko dute ikusleek, emanaldiaren ekitaldi ezberdinak ikusteko. Basoan barneratuko dira, eskuan kriseilu bana dutela.
Bestetik, ikusleak ez dira ikusle soil izango, eta antzezlanaren parte bihurtuko dira. Izan ere, lehenengo eszenan, ikusleak Hermia eta Demetrio pertsonaien ezkontzako gonbidatuak izango dira. Dagozkien aulkietan eseriko dira, eta afaldu bitartean gozatuko dute ikuskizunaz, barru-barrutik. Luisa Lopezek diseinatutako banketea izango da, eta, edateko, Beronia ardoa zerbitzatuko dute.
Uda gau bateko ametsa Shakespeare-en komedia ezagunenetako bat da. Hermia, Demetrio eta beste hainbat pertsonaiaren arteko amodio gorabeherak kontatzen ditu, errealitatea, fantasia eta mitologia uztartuz. Kristina Enean antzeztuko dutena Patxo Telleriaren egokitzapena da. Gidoi originaleko pertsonaia batzuk baztertu egin ditu Telleriak, eta hizkera soilago bat bilatu du, ikuskizuna eraginkorragoa izan dadin.
Donostia 2016 Fundazioak eta Tanttaka Teatroak ekoitzi dute ikuskizuna, eta zuzendari lanetan Fernando Bernues eta Iñaki Rikarte ari dira. Guztira 30 emanaldi eskainiko dituzte: hogei euskaraz eta hamar gaztelaniaz. Hori guztia posible izateko, lantaldeak bi hilabete daramatza entseguak egiten. Eta ez da lantalde makala: gauero, ia ehun pertsonako lantaldea, 250 ikuslek emanaldiaz goza dezaten.
«Bidaia eder bat egingo du ikusleak, sorpresaz eta edertasunez betea» Sara Cozar (Helena) «Ehun pertsona ari gara lanean, 250 lagunentzat, hori nabarmentzekoa da» Joseba Apaolaza (Oberon, basoko erregea) «Euskal Herrian orain arte ikusi eta egin den lanik bereziena da; ohore latza da egitea» Aitziber Garmendia (Hermia)Lau aktore goierritar Lantalde handi horretatik, hemezortzi dira aktoreak. Eta hemezortzi horietatik, lau goierritarrak dira: Joseba Apaolaza urretxuarra, Aitziber Garmendia zaldibiarra, Sara Cozar ordiziarra eta Jose Ramon Soroiz legorretarra. Garmendiak egiten du, hain zuzen, Hermia ezkongaiaren papera. «Egeoren alaba bakarra da, beti aitaren babespean eta haren esanetara bizi izan den neska gozoa, baina barruan daraman piztia esnatzeko garaia iritsi zaio», azaldu du zaldibiarrak. Sortze prozesua «zoragarria» izan da Garmendiaren hitzetan. «Aurretik sekula ez da halakorik egin Euskal Herrian; orain arte ikusi eta egin den lanik bereziena da», adierazi du. «Bestalde, Shakespeare-en lan bat euskaraz antzezten den lehen aldia dela kontuan hartuz, ohore latza da bai egitea, baita ikustea ere». Cozarrek Helenaren papera egiten du: Hermiaren laguna, eta Demetrioren maitaleetako bat. Ordiziarraren hitzetan, antzezlana oso berezia da. «Kristina Enea parkea magikoa da, berez, eta horrek antzezlanaren alde jokatzen du; parkean zehar bidaia eder bat egingo du ikusleak, sorpresaz eta edertasunez betea», adierazi du. «Ikuskizun ezberdina izango da, Donostian orain arte egin ez dena». Horrez gain, ikuskizunean elementu ugari nahasten direla azaldu du Cozarrek: dantzariak, musikariak, aktoreak, sua, irudi magikoak, koreografiak, jantzi ederrak… Hainbeste elementu batu behar direnez, hasieran taldeka egin zituzten entseguak, eta azken asteetan denak elkartu dira. Apaolazak, berriz, Oberonen papera egiten du, basoko erregearena. Urretxuarrak Telleriaren «egokitzapen berezia» nabarmendu du, baita antzezlanaren kokalekua ere. Era berean, partaidetza ere aipatu du: «Ehun pertsona ari gara lanean, 250 lagunentzat; hori nabarmentzekoa da». Kontuan hartuta 30 emanaldi direla, eta bakoitzean 250 ikusle izango direla, 7.500 lagunek izango dute Uda gau bateko ametsa bertatik bertara bizitzeko eta Hermia eta Demetrioren ezkontzaz gozatzeko aukera.













