Goierriko 43 baserri bide berritzeko, 566.500 euroko foru laguntza
Eskualdeko 19 udalek eskatu dituzte diru laguntzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak denera 2 milioi euroko saila izendatu du landa bideak konpontzeko. Udalek eurek ordainduko dute zati bat
Goierriko udalerrietan baserri bide publikoak eta herri bideak berritzeko diru laguntzak banatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak —Ainhoa Aizpuru diputatu gabiriarra da buru— bi milioi euro erabili ditu, Gipuzkoan 148 landa bidetan hobekuntza inbertsioetarako. Goierriko 19 udalek jasoko dute diru laguntzaren bat, batez beste bakoitzak 29.800 euro. Gehienez, 35.000 eurokoa izan zitekeen jasotakoa. Eskualdean 43 bide berrituko dira. Aldundiak Goierriko udaletik guztira 566.469 euro bideratu dizkie, poltsa osoaren %28. Udalek, landa azpiegiturak hobetzeko, aurrekontu aldetik «gabezia eta zailtasun handiak» jasaten dituztela aitortu zuen aldundiak, deialdia egiterakoan, maiatzaren 9an. Departamentuak 2 milioi euroko saila bideratu du aurtengo foru aurrekontuan, bideak konpontzeko inbertsioak landa garapeneko planen barruan sartuta. Herri bideen egoera Diru laguntza jaso ahal izateko, udalek lehenbizi zerrendaketa aurkeztu dute: udal jabetzako herri bidea edo erabilera publikokoa ziurtatu dute, eta proiektu tekniko bat egin dute. Azterketa horretan, herri bi-deen zerrendaz gain, bideak zer egoeratan zeuden aurkeztu diote udalek aldundiari: luzera, zorua nolakoa, kontserbazio egoera, planoak… Balorazioa egiterakoan, berriz, herri bakoitzaren biztanleria, burututako inbetsioaren zenbatekoa eta jarduera mota ere kontuan hartu ditu aldundiak. Udalek eramandako proiektu batzuk baztertu ditu, irizpideen arabera. Lehen sektoreko jarduerak Bestetik, diputazioaren balorazioan, martxan dauden nekazaritza edo abeltzaintza ustiategietara joateko herri bideak hobetsi dituzte, laguntzak ematerako orduan. «Laguntza hauen xedea da landa ingurunean bizi direnen kalitatea hobetzea eta lehenengo sektorearen garapena sustatzea. Hainbat zerbitzu eskura ditzaten nahi da, irisgarritasuna eta garraioa hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzeko aukera emanez», adierazi du aldundiak. Hala, mota desberdineko berrikuntzak egin dira herrietan. Landa bide berriak ireki (lehenengo aldiz asfaltoa edo zementua botata); ustiategietara doazen bideak konpontu, egokitu edo hobetu; edota bideak edo ustiategietarako sarrerak seinalez hornitu. Goierrin, zenbait herritan dagoeneko egin dituzte landa bi-deen konponketa eta asfaltatze lanak, abuztuko gisa bereko obrak baliatuta —kaleak berritzeko makinak ekarri ondoren, adibidez—. Beste batzuk orain hasiko dira aurrekontuak eskatzen eta enpresa aukeratzen. Foru laguntzaz gain, udalek eurek inbertsioaren zati bat ordaindu beharko dute, kostuaren %30-50 inguru.