Iparragirre Burgosera eraman duen urretxuarra
Joxe Mari Iparragirre bidaiari nekaezina izan zen eta hil ondoren ere bidaiatzen jarraitzen du. Oraingoan Burgosera joan da, han bizi den Jon Gonzalez urretxuarraren eskutik. Gaztelako herrialde honetan Urretxuko olerkariarekin
Joxe Mari Iparragirre bidaiari nekaezina izan zen eta hil ondoren ere bidaiatzen jarraitzen du. Oraingoan Burgosera joan da, han bizi den Jon Gonzalez urretxuarraren eskutik. Gaztelako herrialde honetan Urretxuko olerkariarekin lotutako bi argazki erakusketa eta kontzertu bat antolatu dituzte. Argazkiak Urretxuko kultur etxean dira urriaren 15era arte.
Gonzalezek Iparragirre miresten du eta bere bizitza eta abestiak ezagutzera emateko lan itzela egiten ari da. Gazte honek Iparragirreren jarraitzailea izateko hainbat arrazoi ditu: Urretxuko Iparragirre kaleko 34an jaio zen eta olerkariaren izena daraman plazan jolasten zuen haurra zenean. Gainera, Labeaga ikastetxean egin zituen ikasketak eta apirilaren 6an (Iparragirreren heriotzaren urteurrenean) musikariaren mausoleora eramaten zituzten bere kantak abestera. Bere aitak Sarralde enpresan lan egiten zuen eta mausoleoaren zati bat enpresa horretan egin zuten. Gainera, umetan Iparragirreren bizitzari buruzko komikia irakurri zuen eta asko gustatu zitzaion. «Bere bizitza txundigarria iruditzen zitzaidan: deserria, bidaiak, Euskal Herria nola maite zuen, Euskal Herriko enbaxadore lana…».
Urretxutik Burgosera
13 urte zituenean bere familia Burgosera joan zen, baina Iparragirre berarekin eraman zuen eta Iparragirre ezagutzera emateko ahaleginak egiten ditu. Hala, abuztua erdialdean Urretxuko musikariaren jaiotzaren urteurrena ospatu zuten Villaescusa la Sombria herrian. Gaeliah Folk taldeak eta Gonzalezek Iparragirreren kanta batzuk jo zituzten: Ume eder bat, Glu, glu, glu!, Gernikako Arbola, Ara nun diran eta Zugana Manuela. «Eliza bete egin zen. Jendeari gehien gustatu zitzaion abestia Glu, glu, glu! izan zen. Abestiak euskaraz direnez, abesten hasi aurretik azalpenak eman nituen. Gainera, Gernikako arbola abestiaren letra banatu genuen. Denek oso ondo hartu zuten egitasmoa. Izan ere, musika mundu guztian ulertzen den hizkuntza bat da».
Iparragirrek bere Burgosko lagunak ere liluratu ditu. «Kantautoreen aitzindaria dela diote. Bere bizitza gorabeheratsua oso deigarria egiten zaie. Nik, berriz, Euskal Herriaren izen ona toki askotara eraman zuela eta herri xehearen gustukoa izan zela baloratzen dut. Idolo bat zen eta horregatik sartu zuten kartzelan».
Gonzalezek, kontzertu bat antolatzeaz gain, Iparragirreri buruzko bi erakusketa egin ditu Burgosko Gamonal auzoan. Gaztelako hiriburuan ikusgai egon ziren argazkiak Urretxuko kultur etxeko sarreran jarri ditu. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era daude ikusgai. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:00etara.
Erakusketan Iparragirrerekin lotutako 23 argazki ikus daitezke: berari ateratakoa, mausoleokoa, Tolosako Topic museokoa (kartzela han zegoen), Gernikako juntetxekoa, bere gitarrarena, San Luis kafetegia zegoen tokian dagoen plakarena… Argazki batean Gonzalez bera ageri da, Iparragirrez jantzita. Izan ere, inauterietan Iparragirrez mozorrotu zen.
Erakusketa egiteko Mariano Bravo bere lagunaren laguntza eduki du. Bravo argazkilaria eta diseinatzailea da. Erakusketako kartela egiteaz gain, argazkiei ukitu artistikoa eman die.
Beste lagun batek, Cesar Santillanek, Iparragirreren bustoa egin du. Gonzalezek busto hori Urretxuko kultur etxeari eman dio eta erakusketan ikusgai jarri dute.
Iparragirrek Urretxun merezi duen aitorpena duela uste du, baina baita herriko seme kuttunena ezagutzera emateko ahalegin handiagoa egin beharko litzatekeela ere. «Iparragirre Eguna antolatu beharko litzateke, kontzertuekin eta antzerki saioekin, Iparragirre kalera ateratzeko. Kaleko artista izan zen eta kalean egon behar da. Bestalde, interpretazio zentro txiki bat egitearen aldekoa naiz, gure ondorengoek Iparragirre nor zen jakin dezaten», amaitu du Iparragirreren jarraitzaileak.