Zumarragako udaletxean Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioaren zinegotzia da Unai Orbegozo. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako 15. doa Gipuzkoako zerrendan
Nola eta zergatik sartu zinen politikan?
Etxekoak orokorrean oso apolitikoak izan dira. Bakoitzak bere ikuspuntua zuen, baina aktiboki parte hartu gabe. Bederatzi urte daramazkit militatzen. Gazte Komunistetan sartu nintzen 17 urterekin. Hainbat gairekin berotzen hasten nintzen eta zerbait egin eta aktiboki parte hartu nahi nuen, gizartean eta politikan gertatzen ari ziren eta gustatzen ez zitzaizkidan gauzak aldatzeko, edo saiatzeko behintzat.
Adin horretan, ezinegon handia nuen. Lagunen artean ere elkarbanatzen genituen kezkak. Pentsakera ezberdinetako pertsonak nituen inguruan: abertzaleak, abertzaleak ez ziren ezkertiarrak… Azkenean nire pelikula egin nuen eta gazte ko- munisten kontaktura deitzea erabaki nuen.
Lehenengo egunetik oso garbi izan nuen hori zela nire aukera, baita sartu baino lehen ere. Langileriaren aldekoa, berdintasunaren aldekoa… Abertzaletasunaren gaia aurretik aipatuta-koen atzetik zegoen niretzat; banituen hori baino lehenago gehiago kezkatzen ninduten beste gai batzuk.
Herriko politikan, zinegotzi gisa urte bete daramazu. Esperientzia nolakoa izan da?
Oso positiboa izan da orain arte. Oso gustura nago lehenengo egunetik eta zenbat eta denbora gehiago pasa gusturago nago. Etxearen funtzionamendua ho-be ezagutzen dut orain; teknikarien eta besteen lana hobeto ezagutzen dut eta aitortu behar dut lan asko egiten dela udaletxean.
Oso babestuta sentitzen naizela esan beharra daukat, bai nere alderdi kideengatik, bai lagunengatik eta baita herritarren aldetik ere. Jendeak kaletik gelditzen nau euren arazoak kontatzeko. Kontuan hartzen nautela sentitzen dut egunero eta pozik nago.
Momentu gogorrak ere badaude, diskusio gogorrak, egun oso neketsuak… Baina orokorrean oso gustura nago. Jende guztiari gomendatuko nioke esperientzia beretik pare bat urte pasatzea. Asko ikasten da!
Elkarrekin-Ahal Dugu lehenengo aldiz aurkeztuko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Lehenik eta behin argitu nahiko nuke Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioaren barruan indar politiko bat baino gehiago dagoela: Podemos, Equo, Ezker Anitza eta jende independientea ere badago.
Ezker Anitzatik nator ni. Zerrendak hiru alderdietako jendearekin osatu dira. Ezker Anitzako sei gaude Gipuzkoan zerrendetan, eta guztira 25 pertsonek osatutako zerrenda da.
Zerrendetan joateko proposamena egin zidatenean dudarik ez nuen izan, baiezkoa esan nuen. 15. noa ni zerrendan.
Elkar-proiektu honekin nola daude animoak hauteskundeei begira?
Animoak indartsu! Herriaren onerako, gure intentzioa besteekin ulertzea izan da beti, beraz, pozik gaude koalizio handi honen barruan aurkezten garelako. Ilusioa handia da. Denok batera aurkeztu izan garen tokietan gauzak oso ondo joan dira. Espainia mailan, udalerrietako hauteskundeetan oso hiri garrantzitsuetan alkatetzak lortu ditugu: Zaragozan, Madrilen, Bartzelonan, Irunen… Programa herrikoi batekin eta denok batera joanda irabazi genuen.
Programa aipatu duzu. Zein da zuen eskaintza?
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko, politika feministak proposatzen ditugu batetik.Horretarako beharrezkoa da biolentzia matxisten prebentzioan sakondu eta biolentzia beraren aurka erauzte lanak aurrera eramatea.
Ekonomia arloari dagokionez, bestetik, guk defendatzen dugun eredu ekonomiko eta produktiboa, komertzializatu egiten diren onurak pertsonen beharrak asetzeko bideratzean datza. Energia berriztagarrien erabileran sakontzea ezinbestekoa ikusten dugu. Euskadiko produktuei ere indarra eta beren tokia emango diegu. Hortaz, apostu finkoa dugu bai politika berde bai planteamendu ekonomiko justuen alde, gizarteari mozkinak edota irabaziak bueltatzen hasteko konpromisoa zabalduz.
Enplegua, etxebitza eta gizarte politikei dagokienez zer duzu esateko?
Enplegu publikoaren defentsore sutsuak gara. Kalitatezko lan baldintzen alde egingo dugu. Hezkuntza eta osasun zerbitzu publikoak defendatzen ditugu.
Etxebizitza duina izatea eskubide bat da, Espainiako Konstituzioak berak ere defendatzen du hori, baina errealitatea beste bat da eta horren aurka borrokatuko gara. Urtero, milaka familiei kentzen zaizkie beren etxebizitzak eta hori ezin dugu onartu.
Gizarte politikak ere bermatu eta sakonduko ditugu. Gure helburua Euskadi justuago bat eraikitzea da.
Bukatzeko, Otegiren inhabilitazioari buruz zer diozu?
Otegiren eskubidea izan beharko luke hautagai bezala aurkeztu ahal izatea. Herritarrek esan beharko lukete Otegik lehendakari izan behar duen edo ez. Pertsekuzio politikoa izan da gure iritziz eta ez dugu onartzen! Eskubide hori ukatzearekin ez gaude batere ados.