Hiri hondakinak ekartzeak turismoan eta nekazaritzan erasango duela salatu du Gabiriak ere. Naturaren kalterako «etengabeko» proiektuek 'Goierri berdea' eta herri txikiak ahultzen dituela dio
Gabiriako Udalak ezinegona eta haserrea agertu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdeko hiri hondakinak —100.000 tona urtean— Cespa enpresaren Lurpe hondakindegira ekartzeko duen planagatik. Zabortegia berez Mutiloako udal barrutian baldin badago ere, Gabirian eragin zuzena du, Ugaran bailaran pare-parean dagoelako. Plana salatu duten Ormaiztegiri eta Mutiloari batu zaio Gabiria, hala.
Hain justu, hondakindegia aurre-aurrean zuela, erabakiaren berri «prentsa bidez» jakitea ere deitoratu du Gabiriako alkate Iñaki Etxezarretak. «Desinformazioa erabatekoa dugu. Gaur da eguna Diputazioarekin hitz egin nahi duguna, eta hitzordurik ere ematen ez diguna», kexatu da alkatea.
Lehenaz gain, Palanka aldeko isurtegia hiri hondakinen zabortegi bihurtzeak Gabiriari kaltea handituko diola ziurtatu du udalak. «Gabiriako herria gai honen gainean orain arte isilik egon da, baina bada garaia pentsatzen duguna esateko: Gabiriako Udala proiektu horren aurka dago, eta ez gaude isilik egoteko, zer esanik badugulako».
Aterpetxea eta baserriak
Aterpetxea, bungalowak eta hainbat baserri daude zabortegiaren inguruan.
Lurpe zabortegiaren magalean baliabide turistikoak daude: Bekoerrota aterpetxea eta zortzi
bungalow turistiko —aurten eraiki dituzte azken hirurak—. Baserri eremua da, herriko azken nekazaritza-lur lauak daudena. «Gabiriako herriari zuzenean eragiten dio. Zeren, nahiz eta askori ez iruditu, hemen ere jendea bizi da, baserriak daude, abeltzaintzatik bizi direnak daude; baita ehundik gora lagun har ditzakeen aterpetxe bat ere. Gabiriako herriarengan eragina handia izango da, ez bakarrik Mutiloan eta Ormaiztegin», dio Endika Igartzabal zinegotziak.
Hala, Gipuzkoako zabortegia inguru horretan jartzea ez da bateragarria lehendik indarrean dauden nekazaritza edo turismo politikekin, udalaren iritziz: «Azken urteetan
Goierri berde baten aldeko apustua egiten ari da, baina horrelako erabakiekin garapen hori oztopatzen da».
Urtegia, minak, goi tentsioa
Gabiriako Udalak gogoratu du ingurumena eta ingurua kaltetzen duten jarduerak ez direla nobedadea Gabirian, «zoritxarrez». 1970eko hamarkadan bailara horretan Goierriko urtegia egin nahi izan zuten —obrak hasi ziren, baina ez zen gauzatu azkenean—; 1980koan Troiko meategiek kaltetu zuten, eta oraindik han dago —zabortegitik 900 metrora— adituek arriskutsutzat jotzen duten hondakin-uren biltegi kutsatua; goi tentsioko Itsaso-Deikaztelu linea ere handik pasatu nahi dute.
Lurpe zabortegiak berak ere orain arte ingurumen arazoak eta kalteak sortu dituela gogorarazi du Gabiriako Udalak. Eztanda errekara isuri kutsakor dezente izan dira 2007tik —2006an handitu zuten—. 2008an eta 2009an bi sutek ke handia zabaldu zuten. Haizeteekin plastiko eta zabor ugari barreiatu da.
«Batzuen interes ekonomikoak tarteko, kaltetuak beti berdinak izaten nazkatuta gaude», diote gabiriarrek, zabortegiaren aurka: «Gipuzkoa ez da Donostia eta hirigune handiak bakarrik, herri txikiak ere bagara».