Zegamarekin lotutako bi eskultura oinarri hartuta, ‘Enborra zuritu’ erakusketa jarri du Asier Mendizabal artista ordiziarrak Otsaurten; urriko asteburuetan bisitatu ahal izango da.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzako ‘Bake Itunak’ egitasmoaren barruan egindako erakusketa da. Baina nola sortu zen ideia?
Bake Itunak erakusketaren markoan gonbidatu ninduten, beste hainbat artistarekin batera. Bakearen gaiari halako ekarpen bat egiteko, zeharkako bide bat emateko eskatu zidaten. Baina eskaria, oso modu zuzenean, Donostiako eremutik kanpo kokatuko zen proiektu bat egitea zen batetik, eta bestetik, artearen kontestutik kanpo gertatutako zerbait irudikatzea. Horrek esan nahi zuen, bilatu behar zela aitzakia bat interbentzioa nonbait kokatzeko, historia konkretu bati edo kontextu jakin bati lotzeko. Buelta batzuk emanda, konturatu nintzen banituela nik hainbat erreferentzia hemen, Zegamako kontextu honetan.
Behin ideia izanda, nolakoa izan da sortze prozesua? Noiztik ari zara obra honetan lanean?
Lehen gauza izan zen jakitea nondik abiatu behar nuen, eta horregatik lana luze joan da. Nik uste gonbidatu nindutenetik pasa direla bi urte, kasik. Denbora guztian ez da izan hemen propio egindako lana, baizik eta esploratzea non, nola… azken batean zein haritatik tira egin aurkitzea. Baina erabaki nuenetik hemen, Otsaurteko ermita inguruan sortu dudan amaraun hau egitea, lana prezipitatu egin da pixka bat, eta azkeneko sei-zortzi hilabeteak eman ditut buru-belarri proiektu honekin.
Zegamarekin lotuta hainbat erreferentzia zenituela esan duzu. Zuretzako zer izan da pertsonalki lan hau?
Esango nuke inplikazio pertsonal aldetik ez dagoela alde handirik beste lanekin; artista batek bere lanarekin duen inplikazioa beti da dena eta pixka bat gehiago ematekoa. Ezin du beste era batera izan. Baina egia da hemen badaudela beste faktore batzuk, afektiboki besterik ez bada ere, aldatzen dutenak nire erlazioa tokiarekin. Eta beste faktore bat da ni neu goierritarra naizena, eta ez da askotan gertatzen artista batek norbere eremu intimoan lan egin behar izatea. Eta egia da horrek, neurri batean behintzat, kondizionatzen duela.
Zegamarekin lotura duten bi lan izan dituzu oinarri. Zein dira eta nola uztartu dituzu?
Lana konjunto moduko bat da, bi erreferentzia horiek gurutzatzen saiatu bainaiz. Modu apur bat behartuan agian, baina kontakizun edo narrazio bat eratuta, azkenean lortu dut eskultura eta idazki sorta hau, abentura txiki bat proposatzen duena.
Erreferenteetako bat, Otsaurteko ermita honetan betitik egon den eskultura bat da; amaitu gabeko eskultura da, pieza bitxia. Bere forma, zur bloke batena da, tailatzen hasia baina bukatu gabeko zura. 1969an, ermita egin zen urtean, Julio Beobide artista zumaiarrari eskatu zitzaion San Joseren irudi bat egiteko. Irudi hori egiten ari zela, edo hasi eta handik gutxira, hil egin zen. Eskultura amaitu gabe gelditu zen, eta tailatzen hasitako egur bloke hori gelditu zen. Bertan, aurpegitxo bat zuretik ateratzen ikusten da, zulo batetik bezala. Norbaitek pentsatu zuen horrek irudi bezala bazuela balore bat, eta ermitara ekarri zuten. Geroztik aldarearen ondoan egon da figura bat bezala, nahiz eta forma berezi hori izan. Eta zur bloke horretan, halako idatzi bat jarri zuten, iltzatuta egurrean, esaten duena: «San Jose, Beobidek ez zintuen osatu, baina guk osatuko zaitugu otoitzez». Horrek iradokitzen du halako harreman bat figurazioarekin, errepresentazioarekin, sinboloekin… non kasik naturalki ikusten dugun badugula halako pentsamolde bat, kasik egia bat materialaren barruan gure zain balego bezala, zuraren barruan zain balego bezala, eta egin beharreko bakarra zura kentzea izango bailitzan, figura eta barruan duen egia hori azaleratzeko. Metafora bezala, hasteko oso puntu aberatsa iruditu zitzaidan, eta hortik tiraka etorri da beste guztia.
Hori beste historia batekin, Zegamako beste eskultura edo errepresentazio batekin gurutzatu dut. Monumentu bat zen, Zegaman urte batzutan egon izan zena, eta 1972an suntsitu zena. Beobidek eskultura egin eta monumentu hura suntsitu bitartean 3 urte bakarrik pasa izan ziren; horrenbestez bi eskultura horiek denboran elkarrekin 3 urtez bakarrik existitu ziren. Baina nik egin dudana da behartu halako elkarrizketa bat bien artean, eta biek iradokitzen zizkidaten hausnarketen artean. Bigarren eskultura hori, Juan Telleriari egin zitzaion omenaldikoa da; beno, Telleria berari baino, Cara al sol abestiaren egileari edo ereserkiari berari egindako omenaldia izan zen.
Eta nola egin duzu topo bi eskultura horiekin?
Txikitatik harritu izan nauen gauza bat da Cara al sol-en monumentu hori nola egon zen. Daukagun historian eta kontakizunean arraro egiten zaigu, gauzak beste modu batera idatzi direlako. Horri buruz ere badago hausnarketa bat erakusketan, alegia, historia nola idazten den. Baina betidanik egon izan da irudi bat Zegaman monumentua inauguratu zenekoa, non monumentua bera ez zen ikusten, aurrean orduko frankista guztiak zeudelako eskua altxatuta. Hori zen nik ezagutzen nuen argazki bakarra, eta gogoan dut umetatik argazki horrek sortzen zidala horrelako ezinegon bat.
Bestetik, Otsaurteko ermita ere ezaguna nuen, eta arkitektura aldetik oso tipologia berezia dauka, badu asmo moderno bat, Arantzazurekin edo momentu oso konkretu batekin lotu ahal duguna, dagoen kokapenean, hemen mendian eta dituen ebokazioekin, nik uste oso goizetik izan nuela halako intuizio bat hor bazegoela zerbait gehiago. Gero hasi nintzenean Beobideren eskulturaren patua ezagutzen, konturatu nintzen baietz, hemen bazegoela nondik heldu.
Leku berezia da, beraz. Lekua bera ere artea dela esan liteke?
Bai, hori da. Eliza modernoa esango luke batek. Baina hori baino gehiago ere bada. Oso tipologia berezia du; Luis Alustiza izan zen arkitektua, eta mugimendu oso konkretu batetik edaten du, brutalismoa esaten zitzaiona, eta badu lotura Arantzazuko momentu horrekin. Eta gustatzen zait azpimarratzea Arantzazu dagoela justu Aizkorriko bailararen beste aldean. Beraz badago nolabaiteko lotura bat bi muturren artean, eta momentu jakin batetaz ere hitz egiten duela uste dut.
Testuek indarra eta garrantzia dutela esan duzu. Irudien osagarri moduan erabili al dituzu?
Osagarri baino lanaren parte dira. Ez dira esplikazioak edo azalpenak, testua bera ere lana da, eta gustatzen zait testua eskultura lantzen dudan modu berdinean lantzea. Testuak, beste lan guztiak bezala, lan osoaren parte dira. Baina horrek dakarrena da beste efektu bat, eta da erakusketa bi momentutan ikusten dela. Etortzen denak lehen momentuan konfrontatzen du halako arroztasun bat, eskulturak, tokia… nolabait hankaz gora jarritako elementu batzuk arrotz egiten zaizkigunak. Baina eramaten badu liburuxka, eta momentu batean irakurtzen baditu hor planteatzen diren historia eta hausnarketak, aurretik izandako esperientzia hori berrikusi edo berbizitzen du. Horregatik gustatzen zait irudikatzea erakusketa hau bi momentuko esperientzia bat bezala.