Shada Safadi: «Gurean artea terapia bat da, gerraren erdian bizi garelako aspaldi»
Siriako Kultur Karabanarekin batera etorri diren artistetako bat da Shada Safadi errefuxiatua. Beraien lanak eta haien jatorriko errealitatea erakusten saiatzen dira, herriz herri.
Israelek okupatutako Golaneko gainetatik zatoz. Nazionalitaterik ez duzu, pasaporterik ere ez. Nongotarra sentitzen zara?
Siriarra eta palestinarra, zalantzarik gabe. Gurea okupatutako lurralde bat da eta gu mugaldeko bizilagunak gara. Golan gain estrategiko bat da ingurukoentzat, urez beteta dago eta sagar ekoizpena nabarmena da.
Gure etxetik Siriako mendiak begiztatzen dira eta gerra ikusi nahiz entzun egiten dugu.
Zuen komunitatea drusoa da eta israeldar nazionalitateari uko egin diozue luzaroan. Zein da egungo egoera?
Gure jendea etsita dago, siriarren aldekoak banatuta daude eta gehiengoak ez du politikari buruz ezer jakin nahi. Siriako gerrak etsipena sortu du eta gero eta gehiago dira israeldar nazionalitatea onartzen ari direnak. Komunitate sena izan dugu, baina ez gaude gure unerik gozoenean. Latza izango da gureak ejerzito israeldarrean siriarren edo palestinarren kontra borrokatzen ikustea.
Zure jatorriko artista batek bere artelanetan ba al du gerra saihesteko modurik?
Nik ez dut gerra zuzenean aipatzen nire margolan zein artelanetan, edonola ere agertzen delakoan nago. Gurean artea terapia moduko bat dela esango nuke aspaldi bizi garelako gerraren erdian.
Siriako Karabana Kulturala zer da zuretzat?
Aukera handi bat gure kultura eta artea Europan barrena zabaltzeko.