Itsaso, berriz udalerri
Desanexio prozesuari bukaera eman dio Itsasok, udalerri bezala eratu eta udalbatza berria sortuta. Gorka Sasietak hartu du batzordearen gidaritza; Garikoitz Aiestak eman dio aginte makila
Haren eskutik jaso zuen Itsasoko aginte makila Gorka Sasietak. Hark ere, «urrats handia» eman dutela esan zuen. «Udala da herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa, herriaren bizkarrezurra beharko lukeena, eta Itsasori dagokionean, hain garrantzizkoa». Udala martxan jartzearekin batera, «gertuagoko zerbitzuak eta kalitatezkoak» eskaintzea, herriko «espazio publikoak egokitzea» edota Itsaso mapan kokatzea izango dira datozen urteetarako erronketako batzuk.
Herritarrei ere mezua bidali zien Sasietak: «elkarrekin nahi dugun herria partaidetzan eta gardentasunean» eraikitzen joan behar dutela esanez.
Aldundiaren babesa
Itsasoren desanexio prozesuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan du. Hain zuzen ere, aldundiari zegokion udalbatza berria sortzeko bilkura deitzea. Babes horren adierazle da Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua udala osatzeko bilkuran egon izana.
Itsasoarrei zorionak ematearekin batera, «une historikoa» dela gogorarazi zuen, erabaki horren bidez, «oker historiko bat, 1964an egindako injustizia historiko bat» zuzendu baitute. «Garai hartan Francok egin zuen injustizia hark ondorio txarrak ekarri zizkizuen, besteak beste despopulazio prozesu bat egon zen, baina pixkana, adreiluz adreilu herriaren sen horri eutsiz berpiztu egin zarete». Berpizkunde horretan auzolanak izan duen garrantzia aipatu du. «Hau ez da mugimendu artifizial bat, hemen herri bat dago, auzolana egiten duena, eta neurri batean gipuzkoarroi eta euskaldunoi bidea erakusten diguna, hemendik aurrera nola jokatu jakiteko, norbere interes partikularrak alde batera utzi eta herria jarri behar dela guztiaren gainetik, alegia».
Udala sortzeko erabakia ez ezik, desanexio prozesua bera ere goraipatu zuen Olanok, prozesu osoa «eredugarria» izan dela iritzi baitio. Itsaso Bherria plataformaren lana eta herritarrek emandako pausoak aipatu zituen. «Partehartzea egon da, bideragarritasun plan bat Siadeco enpresak egindakoa egin da, azken batean, gauzak txukun egin dira». Itsasoarrei eta batzorde kudeatzaile berriari ere, babesa adierazi zien. «Bidelagun izan gaituzue orain arte, eta aurretik duzuen bidean ere laguntzeko dago Aldundia, behar duzuen guztian».
Itsasoko Udala hartuko duen aretoan egin zuten zin egite eta kargu hartze ekitaldia. Ondoren, ostatuaren atarira jaitsi eta dantzariek agurra egin zieten agintariei. Mokadu bat eginez bukatu zuten eguna, herritarren txalo eta biba artean.













