«Nauena egitasmoaren helburua diseinua eta euskara uztartzea da»
Ane Miren Ormazabalek (Urretxu, 1980) Nauena marka sortu du. Irudiak, katiluak eta kuxinak saltzen ditu. Bere lanekin erakusketa ireki du Durangoko Arteka liburu dendan. Zein ikasketa egin zenituen? Arte Ederrak
Ane Miren Ormazabalek (Urretxu, 1980) Nauena marka sortu du. Irudiak, katiluak eta kuxinak saltzen ditu. Bere lanekin erakusketa ireki du Durangoko Arteka liburu dendan.
Zein ikasketa egin zenituen?
Arte Ederrak ikasi nuen Leioan. Ondoren, ETBn lan egin nuen. Bederatzi urte eman nituen bertan, grafismo sailean. ETBren egoitza nagusia Bilbora eraman zutenean, etxetik urrunegi ze-goela iruditu zitzaidan eta lana uztea erabaki nuen. Irakaskuntzara pasa nintzen. 2009tik, ofizioz plastikako irakaslea naiz. Afizioz, berriz, diseinatzailea.
Zer moduz moldatzen da artista bat irakasle lanetan?
Ondo. Ikastetxe ezberdinetan egon naiz. DBH ikasten ari diren nerabeekin lan egin dut batez ere. Egun, Legazpiko Olazabal institutuan lan egiten dut. Bertatik bertara. Oso gustura nago bertan.
Plastikari ematen al zaio merezi duen garrantzia?
Plastikako irakasle lana polita da, baina ezin dut sormena nik nahi bezainbeste landu. Gainera, nerabezaroa bizitzako aro berezia da. Sormena asko maite dut eta beraiek nik bizi dudan bezala bizitzea nahi dut, baina zaila da. Hori frustragarri samarra da. Denok sormena lantzea beharrezkoa dela diogu, baina hezkuntzan bigarren mailan gelditzen ari da. Horrek pena handia ematen dit.
Ofiziotik afiziora salto egingo dugu. Zer diozu Nauena egitasmoari buruz?
Sortzea behar bat da niretzat. Beti egin ditut diseinu lanak, baita telebistan lan egiten nuenean ere: liburuak maketatu, herriko dendei logoak egin, lagunei eta elkarteei kartelak egin… Julita mertzeriako eta Xera osteopatia eta fisioterapia zentroko irudiak eta Urretxu eta Zumarragako euskarari buruzko liburuaren maketazioa egin nituen, besteak beste. Beti besteentzat lan egin dut eta niretzat lan egiteko beharra nuen. Horretarako Nauena marka sortu dut: asetuko nauena. Ez dut webgunerik, baina nire lanak Facebook eta Instagram sare sozialetan ikus daitezke.
Zure lanak jendearen gustu-koak dira.
Hori dirudi. Azken bi artisau azoketan parte hartu dut eta pixkanaka eskariek gora egin dute. Laminak, katiluak eta kuxinak egiten ditut. Nire helburua diseinua eta euskara uztartzea da. Askotan zenbait gauza euskaraz egitea ingelesez edo gazteleraz egitea baino zailagoa dela dirudi eta pertzepzio horri buelta eman nahi diot. Bestalde, bizipoza zabaldu nahi dut, mezu atseginen bidez. Diseinu garbiak dira: gutxirekin, asko esan nahi dut. Zuria asko erabiltzen dut. Diseinuek Europa iparraldeko ukitua dute.
Durangon erakusketa ireki duzu.
Arteka liburu dendako Maialenek sare sozialen bitartez ezagutu ninduen eta nire lana gustatu egin zitzaion. Erakusketa bat irekitzea proposatu zidan. Koa-droak, kuxinak eta katiluak jarri ditut. Sei katilu ezberdin ditut eta kuxinak eskuz egiten ditut. Erakusketa martxoa amaitu arte egongo da zabalik.
Produktu gehiago egiteko asmoa al duzu?
Ez dakit. Egitasmo hau lanarekin eta familiarekin uztartzea ez da batere erraza. Ideia asko ditut buruan, sortzea behar bat baita niretzat. Terapia bezala erabiltzen dut. Egunero tartetxo bat hartzen dut sormenarentzat. Baina ez dut presiorik eta gauzek sortu ahala egingo dute aurrera. Lo hartzeko ere terapia ona da: diseinuetan pentsatzea niretzat plazer bat da eta erlaxatu egiten nau. Ohe ondoan koaderno bat edukitzen dut, ideiak apuntatzeko.
Sortzea behar bat dela esan duzu behin eta berriro. Zure anaia Aritz ere sortzailea da. Kasualitatea al da?
Ez dakit nondik atera garen. Gurasoak ez dira gu bezalakoak, baina beti hamaika saltsatan sartuta ikusi gaituzte eta dagoeneko ohituta daude. Egia esan, diseinatzea lan polita da. Negozio bat martxan jartzeko asmoa duen norbait laguntza eske etortzea polita da. Mundu bat irekitzen zaizu. Gainera, jendea ezagutzeko aukera ematen dizu.