Zumarragako gazteek adinekoen testigantzak grabatu behar dituzte
Zumarragako gazte talde batek herriko adinekoak elkarrizketatu behar ditu eta elkarrizketa hauek grabatu egin behar ditu adinekoen testigantzak jasota uzteko. Lehen elkarrizketa Araceli Garcia irakasle ohiari egin diote. Egitasmo hau
Zumarragako gazte talde batek herriko adinekoak elkarrizketatu behar ditu eta elkarrizketa hauek grabatu egin behar ditu adinekoen testigantzak jasota uzteko. Lehen elkarrizketa Araceli Garcia irakasle ohiari egin diote.
Egitasmo hau Euskadi Lagunkoia proiektuaren baitan antolatu dute. Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzak jarri du abian eta dagoeneko hainbat udalek bat egin dute. Ekimenak Matia Fundazioaren laguntza teknikoa du.
Proiektu honen helburua adinekoentzat lagunkoiak diren herriak eta hiriak lortzea da, beraien herrietan bizitzeko aukera izan dezaten eta ahalik eta denbora luzeenean autonomoak izan daitezen.
Herriak fisikoki eta sozialki izan behar dira lagunkoiak. Adinekoak eroso mugi daitezen lan egingo da eta bizilagunek elkarri laguntzea eta belaunaldien arteko elkartrukea bultzatuko dira.
Hasteko, egitasmoarekin bat egiten duten herrietan diagnostiko bat egiten dute: etxebizitzak, parkeak, gizarte zerbitzuak… aztertzen dituzte. Horretarako, galdeketa bat eta bilerak egiten dituzte.
Ondoren, diagnostikoan oinarrituta, bizilagunek eta udalak ekintza plana zehazten dute. Zumarragan iaz egin zuten plana eta bertan jasotzen den ekintzetako bat adinekoen testigantzak jasotzea da. Ondar inmateriala eta kulturala transmititu nahi da. Ekimen honekin belaunaldien arteko hartu-emana bultzatu nahi da. Horren bidez, «aurreiritziekin bukatu nahi da: bai gazteek adinekoekiko dituztenekin eta bai adinekoek gazteekiko dituztenekin», azaldu du Matiako Ainara Tomasenak.
Irakasleari elkarrizketa
Hori dela eta, elkarrizketak gazteek egingo dituzte. Lehen elkarrizketa kale hezitzaileekin lan egiten duten gazteek egin dute. Araceli Garcia irakasle ohiarekin egon dira.
Garcia Burgoseko herri txiki batean, Ataungo Aia auzoan eta Zumarragako Zelai Arizti ikastetxean lan egin zuen. Hezkuntza eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatu zituen beti. Hala, 2009an Xera saria jaso zuen.
Garciak oso gustura parte hartu duela dio Tomasenak. «Berarentzat errekonozimendu bat da eta bere bizitza ezagutzeko aukera ematen dio».
Oraindik ez dute erabaki zer egingo duten bideoekin. «Gure nahia Zelai Arizti kultur etxean eta ikastetxeetan ematea da», azaldu du Tomasenak.
Lehen grabaketa hau proba bat izan da, gazteak elkarrizketak egiten treba daitezen. Hurrengo elkarrizketatuak aukeratzeko, parte hartze prozesu bat abian jarriko dute. «Herriko adinekoekin elkartuko gara eta beraiek izango dira elkarrizketatuak hautatuko dituztenak. Zumarragan industriak garrantzia handia eduki du eta saskigileak edo Orbegozo enpresan lan egin zutenak elkarrizketatzea oso ondo legoke, adibidez».