Gipuzkoako Ezti Txapelketa Agustin Zabala hernaniarrak irabazi du. Hirugarren saria Bittor Murgiondo mutiloarrak irabazi du eta publikoarena, Segurako Ageda Zeberiok
Erlezain Eguna ospatu dute Zegaman. Eguraldi bikaina lagun, jende asko elkartu da. Urteroko moduan, ekitaldi nagusietako bat Gipuzkoako Ezti lehiaketa izan da. Lehen saria Agustin Zabala hernaniarrak irabazi du, bigarrena Ramon Lopategi tolosarrak eta hirugarrena Arrasaten bizi den Bittor Murgiondo mutiloarrak. Bere erleak Mutiloan dituenez, Goierri beheko ordezkari gisa parte hartu du.
Zegaman bildutakoek eman duten saria Ageda Zeberio segurarrak irabazi du. Publikoak lehiaketako zazpi ezti onenak dastatu ditu eta bozkatuena Zeberiorena izan da.
Erlezain Eguna igandean ospatu zen. Egun osoan zehar hainbat ekitaldi egon ziren. Festa txistularien kalejirarekin hasi zen. Ordu berean, artisau azoka ireki zuten. Lore erakusketa eta salmenta egon ziren, Jakoba Errekondok loreen erabilpenei buruzko azalpenak eman zituen eta Gipuzkoako gozogile onenek beraien produktuak erakutsi zituzten.
Gainera, goiz osoan zehar er-leak eta beraien ekarpenari buruzko panelak ikusteko aukera egon zen, Rafa Gorrotxategik eztizko karameluak egin zituen artisau erara eta Aitxuri herri eskolako haurrek erlea gaitzat hartuta egindako marrazkiak ikusteko aukera egon zen. Haurrentzako kandela tailerra eta gozoki dastaketa ere egon ziren.
Arratsaldean Erlearen Bila orientazio jolasa egin zuten Anduetza parketxean eta bertsolari jaialdia egon zen Aitxuri herri eskolako gimnasioan.
Balorazio positiboa
Gipuzkoako Erlezain Elkarte-koak gustura ageri dira. «Aurten beste ikuspuntu bat eman nahi izan diogu Erlezain Egunari. Aurreko urteetan produktuei eman diegu protagonismoa eta aurten erleak eta erlezainak izan dira protagonistak. Polinizazioan duten garrantzia azpimarratu nahi izan dugu», aipatu du Amaia Aierbe elkarteko teknikariak.
Hori dela eta, barazkigintza ekologikoak bere tokia izan zuen. «Barazkigintza ekologi- koaren onurak azpimarratu ditugu, ez baitituzte erleei horrenbeste kalte egiten dien pestizidak erabiltzen».
Eguraldi ona lagun, aurtengo edizioa arrakastatsua izan da. «Jende dezente elkartu zen», dio Aierbek. Hori da, hain zuzen ere, komeni dena: jendeak erleen eta erlezainen ekarpenaren berri izan dezan, erlezaintzako produktuak eros ditzan eta ingurumena zain dezan.
Bukatzeko, Aierbek Zegamako Udalari eskerrak eman nahi dizkio. Izan ere, udala da antolatzailea. «Erlezainen lana ezagutzera emateko festa egun bat antolatu nahi genuen eta udal ezberdinekin harremanetan jarri ginen. Zegamakoa berehala prest agertu zen eta, hala, urtero bertan antolatzen da Erlezain Eguna».