Murrizketekin amaitzea eta lan baldintzak hobetzea eskatzen du hezkuntza publikoko komunitateak. Biharko, berriz, ikasleen greba deitu du Ikasle Abertzaleak taldeak
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek greba deitu dute gaurko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan,
Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki lelo-pean. Goierriko ikastetxe eta haur eskola publiko ia guztiek bat egin dute greba deialdiarekin; Zegamako herri eskolan ez dute grebarik egingo, eta hainbat herri txikietako haur eskolek ezingo dute grebarik egin gutxieneko zerbitzuak bete behar dituztelako. Izan ere, hezkuntza zentro guztiek gutxieneko zerbitzuak bete behar baitituzte «derrigorrean». Bestetik, institutu gehienetan desbinkulatu egin dira hainbat irakasle, nahiz eta langileen gehiengoak greba egitea erabaki. Hezkuntza publikoko komunitate osoak egin du bat greba deialdiarekin: irakasleek, hezkuntza bereziko hezitzai-leek, haur eskoletako langileek, sukaldariek eta garbitzaileek. Gaur, Donostian, 12:00etan izango den manifestazioan parte hartuko dute Goierriko hezkuntza publikoko langileek.
Eskaera ugari
Murrizketarik ez egitea eta lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, hezkuntza publikoaren kalitatea defendatzeko eta indartzeko. Sindikatuek aurkeztutako eskaera zerrendaren arabera, hezkuntza publikoan 2.900 langileetan handitu beharko lirateke plantillak. Era berean, langileen ia % 40ko behin-behinekotasuna (7.800 lanpostu) %6ra murriztea aldarrikatzen dute. Horrekin batera, gelako ikasle kopurua %10 murriztea, hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, langileen bajak bere osotasu-nean ordaintzea eta erretiroa errazteko eta laguntzeko neurriak berreskuratzea eskatzen dute. Era berean, «hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna denez», hezkuntza behar bereziei aurre egiteko baliabideak gehitzea eta bermatzea ere nahi dute sindikatuek.
LOMCEri eta Heziberriri ezezkoa esateko ere baliatuko dute gaurko greba, «hezkuntza sistema propioa aldarrikatuz, Euskal Curriculuma oinarri duen hezkuntza sistema». Era berean, «balizko Hezkuntza Legeen aurrean langileon ordezkarion parte hartzea» eskatzen dute.
Euskararen alorrean, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea, eta euskarazko murgiltze eredua eskatzen dute. Derrigorrezko Hezkuntza amaitzera-koan euskaraz normaltasunez jarduteko gaitasuna bermatzeko, «eskola eremuan euskaraz jarduteko baliabideak eta neurriak» hartu behar direla diote sindikatuek, «baita hezkuntza komunitateko langile guztien euskalduntzea bermatu eta ahalbidetzeko neurriak hartzea ere».
Biharko greba deitu du Ikasle Abertzaleak-ek
Biharko, berriz, Ikasle Abertzaleak taldeak ikasleen greba deitu du unibertsitatean eta Derrigorrezko?Hezkuntzan. Goierri mailako mobilizazioa Beasainen egingo dute. 10:00etan, Loinazko San Martin plazan, LOMCE, Heziberri eta egungo hezkuntza sistemaren inguruko mahai ingurua egingo dute. Ondoren, 11:30ean, manifestazioa egingo dute Bideluze plazatik, Loinazko San Martin Plazaraino.
Ikasle Abertzaleen esanetan, «urteak daramatzagu hezkuntza propio baten aldeko borrokan, eta bihar ere ikasleok kalea hartuko dugu, unibertsitate eredu hau eta LOMCE eta honen baitako errebalidak jo puntuan jarrita».