Aldaketa garaian da Tellatuberri Zaldibi areto futbol taldea. 19 urteren ondoren, Jon Ordozgoiti entrenatzaileak utzi egin du. Seniorren bi ekipo izan ditu Zaldibiak aurten. Taldeko kirol bakarra da herrian.
Gipuzkoako 1. Mailako areto futbol denboraldia bukatu du Tellatuberri Zaldibi taldeak. Apirilaren 28an jokatu zuen azken partida, eta 5-3 irabazi zion Mondrate taldeari. Urtea bukatzeaz gain, aro bat ere amaitu da.
Azken urteetan entrenatzaile izan den Jon Ordozgoiti zaldibiarrak (34 urte) erretiroa hartu du. 19 urte igaro ditu klubari lotuta, eta «aldatzeko beharra» sentitu du. «Urte asko dira. Partida askotan jokalari gutxirekin ibili gara, beti jendeari tiraka, eta nekatu egiten da. Garaia bada uzteko», azaldu du Ordozgoitik.
Areto futbola bada zerbait Zaldibian. Federatutako kirol-talde bakarra da. Seniorren bi talde izan ditu 2016-17 sasoian, Gipuzkoako 1. eta 2. mailetan. Aurten nesken talderik ateratzerik izan ez bada ere, aitzindaria hura da: 1994-95 denboraldian nesken taldea sortu zuten, aurrena.
Ordezkari, diruzain, gidari
Ordozgoiti 1998-99an hasi zen areto futbolean, 15 urterekin, kadeteetan. Seniorren bigarren taldea zen hura, urte hartan eratu baitzuten gizonezkoen taldea ere, zelai handiko futbolean beste herri batzuetan jardundako jokalariak itzulitakoan.
Goierrin urrezko loraldia izan zuen areto futbolak, orduan. Zaldibiako neskak Gipuzkoan punta-puntan ibili ziren; Legorretan, Ordizian, Lazkaon eta Idiazabalen ere taldeak zeuzkaten.
Ordozgoitik jokalari urtebete bakarrik egin zuen, baina taldea ez zuen utzi. «Delegatu hasi nintzen, aulkiko lanetan, lagunekin partidetara joateagatik. Lotu egin nintzaion, pixkanaka». Gazteak entrenatzen, diru kontuak eramaten… denetik egin du harrezkero taldean.
Entrenatzaile, ofizialki, azken 7-8 urteetan ibili da. Aurretik ere ofizioz bazebilen taldea gidatzen, jokalari-entrenatzaile batekin batera.
Taldea mantentzea bihurtu zaio azkenera neketsuena. «Urte osoan 7-8 jokalari joan gara partidetara, gutxi». Neurketa batean erabaki zuen jada utziko zuela: justukoak joan, batek min hartu, eta aldagarririk gabe geratu zen, itxura txarrean. Baina ez dauka saltzeko bere bihotzeko taldea.
Futbol taldea baino gehiago
Aurrerantzean partidak ikustera joango dela aurreratu du Ordozgoitik. Ekainean erabaki beharko dute segitu ala ez.
Kritikak ere jaso dituzte, «oso protestariak garelako». Baina bizitzako «momentu eta lagun onenetakoak» eman dizkio areto futbolak entrenatzaile ohiari. «Partiden ondoren daukagun talde giroarekin gelditzen naiz. Futbolariak baino jende gehiago bildu dira ingurura. Futbol talde bat baino gehiago sortu dugu».