Hasierako taldea aldatu dela deitoratu du, eta Artxanberriko kulturgunearen erabakia ez dela argia izan dio. Eliza-Udala ituna hautsi izanaren arrazoiak batzordeetan ez direla landu salatu du
Zaldibiako Udaleko Herrigintzan oposizioko taldeak ohar batean jakinarazi du partaidetza prozesua utzi duela, «zenbait gora-behera» izan direla eta. Azaroan ekin zion udalak, bi taldeen adostasunez, eraikin publikoen prozesuari, lokalak berrantolatzeko eta udal nahiz kulturgune berria egiteko helburuz.
Talde eragilea izendatu eta bilerak hasi zirenean, partaideen «aldaketa batzuk» izan zirela esan du Herrigintzanek. «Izendatutakoez gain beste batzuk sartu ziren, eta hasieran zeuden batzuek bileretara joateari utzi».
Horrez gain, Artxanberri kulturgunea eratzeko erabakia «oso argia ez» dela izan iritzi dio Herrigintzan udal taldeak. Udala-Parrokia itunean, 200 metroko lokal bat Elizari ematea jaso zen.
Udaletxe eta kulturgune berriaren ideiak «lehendik jasoak» zeudela argitu du, eta prozesuko lehen fasean aztergai ziren «beste emaitza batzuk» ondorioetan ez direla jaso. «Helburua eta erabakiaren mamia zalantzan jarri gabe, ez dugu ontzat ematen prozesuaren nondik norakoa». Aurrera egiteko «arrazoi nagusirik» ezean, utzi egingo du.
Udala-Eliza itunaz
Bestetik, Zaldibiako Udalak eta Santa Fe Parrokiak 2010etik zeukaten zesio hitzarmena eteteko arrazoiak «inongo batzordetan» ez direla landu salatu du Herrigintzanek, eta oposizioari ez zaiola iritzirik eskatu. «Ez da egon, beraz, hainbat azpimarratzen den inolako elkarlanik».
Itun horren arabera, Herrigintzanek azaldu duenez, Elizak udalari atzealdeko lur saila utziko zion, pasabidea egiteko; eta saloiak botako zituen. Horren truke, udalak sakristian eta elizaren kanpoaldean «zenbait obra txiki» egingo zituen, eta Artxanberrin 200 metro koadroko lokala guztiz egokituta jabetzan emango zion Parrokiari.
Maiatzean eten zen ituna. Udalak 16 metroko lokal bat uztea —ez ematea— eskaini zion, saloiak botatzearen truke.