Ekainaren 27an hasiko da eta uztailaren 21era arte luzatuko da. Legazpiko Udaleko sail ezberdinen elkarlanaren emaitza da. Kultura zabaldu eta gozatuarazteko helburua du
Lehenengo Uztail Kulturala 1999an egin zuten Legazpin. Udaleko sail ezberdinek antolatutako ekintzak biltzen dituen ekimena izan da hasieratik. Goizetan haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ikastaroak eta ekintzak hartzen ditu, arratsaldeetan legazpiar guztientzako kultur eta aisia ekimenak. Aurten bultzada berria eman diote eta izena aldatuta dator, Uztakale deitu diote ekainetik uztailera Legazpik hartuko dituen ekintza sortari.
Euskal Herrian eta Legazpin sortzen diren kultur ekintzak eskaini nahi dizkie legazpiarrei. Aurten ohikoak izan diren ekintzei jarduera berriak gehitu dizkiete eta horren isla da prestatu duten egitarau oparoa. Ekintzak erdigunean eta Hegialden txandaka egingo dituzte.