Nazioarteko Sexu Askapenerako egunaren harira koloreztatu dute oinezkoentzako bidea. Gehituren adierazpenarekin bat egingo dute udal agintariek udalbatzan
Ordiziako Udaleko ordezkariak eta Goierriko zubia, LGTBI kolektiboaren eskubideen defentsan lanean ari den taldea, kolektibo horren banderaren kolorekin Ordizian margotutako zebra bidea erakusteko elkartu ziren atzo arratsaldean, gaur, ekainak 28, Nazioarteko Sexu Askapenerako Eguna dela eta. Ordiziako herrigunean, Olano tabernaren ondoan dagoen zebra bidea da hain zuzen koloreztatu dutena. «Herritar eta kanpotar asko igarotzen den tokia» delako aukeratu dute, Ordiziako alkate Jose Migel Santamariak argitu zuen bezala.
Goierri mailan, LGTBI kolektiboa osatzen duten pertsonek bizi duten «errealitatea bisibilizatu» nahi izan dute ekintza horrekin, Goierriko Zubia taldeko kide den Maddi Imazek azaldu duenez. Beste ideia asko baloratu ondoren, zebra bidea margotzea pentsatu zuten «kolektiboko pertsonen eskubideen aldarrikapen modura».
Ekintza horrez gain, Santamariak gogorarazi zuen Ordiziako Udala berdintasunaren alde lanean «orain dela urte asko» hasi zela. Horren adibide da «udalak ikastetxeekin martxan jarritako berdintasunerako, errespeturako eta biolentzia ezarako Hezkidetza programa» eta aurrerantzean ere «lanean jarraituko» dutela erantsi zuen.
Bestalde, bihar, Ordiziako udaletxean udalbatza egingo dute eta Gehituren, hau da, Euskadiko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartearen adierazpenarekin bat egingo dutela aurreratu dute udal agintariek.