Zegama-Aizkorriko omenaldia, Alberto Zerainen azken agerraldietako bat
Azkenekoa ez bada, Alberto Zerain mendizaleak Euskal Herrian egindako azken agerrraldi publikoetako bat maiatzaren 28koa izango da, orduko hartan Zegama-Aizkorriren antolatzaileek omenaldi bat egin baitzioten mendi maratoia abiatu aurretik. Annapurnatik etorri berria zen, eta ekainaren 11n abiatu zen Nanga Parbateko espediziora.
Alberto Zerain arabarra eta Mariano Galvan argentinarra joan den larunbatean desagertu ziren Nanga Parbat zortzimilakoa igotzen ari zirenean, Mazeno ertzean. Erreskate taldeak gaur jakinarazi dute elur-jausi baten aztarnak aurkitu dituztela bi mendizaleak desagertutako tokian, eta hiltzat eman dituzte. Zerainek 10 zortzimilako igoak zituen.