Turismo datuak mantendu egin dira Goerri behean. Goierri garaian, berriz, iaz baino bisitari gutxiago jaso dituzte oraingoz.
Gaztaren ibilbidea egitera etortzen dira turista asko.
Goierri behean, turismo eragileak gustura daude uztailean eta abuztuko lehen egunetan izandako bisitari kopuruarekin. Zortzi turismo bulegoek guztira 7.928 bisitari jaso dituzte, iaz data honetan baino 24 gehiago. Beraz, bisitari kopurua mantendu egin dela esan daiteke.
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak datu horien oso balorazio positiboa egin du. Izan ere, 2015etik 2016ra %23,2ko igoera izan zuen Goierriko turismoak. “Igoera hori mantendu izana oso datu ona da”, adierazi du Osinaldek. “Ea abuztuan ere datuak mantentzen ditugun”.
Goierri garaiari dagokionez, ordea, Antioko turismo bulegoan iaz baino bisitari gutxiago jaso dituztela adierazi dute. “2016. urtean 1.725 bisitari izan genituen, eta aurten 1.100”, esan du Edurne Etxeberriak.
Estatutik kanpoko turisten gorakada
Osinaldek Espainiar Estatutik kanpoko turisten goradaka nabarmendu du. “Uztailean 29 nazio desberdinetako bisitariak jaso ditugu Goierrin”. Bestalde, estatuaren barruan, Andaluziako gero eta turista gehiago etortzen direla nabarmendu du.
Antioko turismo bulegoan emandako datuen arabera, Goierri garaian turista gehienak Estatukoak dira: %47,5. Gehienak, Andaluzia, Madril eta Herrialde Katalanetakoak. Atzerritar gehienak, berriz, Frantziakoak.
Goierri, Euskal Herria bisitatzeko erdigune
Turistek erdigune modura hartzen dute Goierri, Euskal Herriko hiri eta txoko ezberdinak bisitatu ahal izateko. Goierrin lo egiten dute, eta egunez batera eta bestera mugitzen dira. “Lan handia egin dugu turistek gauak Goierrin pasa dezaten, horrek dirua uzten duelako eskualdean, eta gustura gaude lortutakoarekin”, adierazi du Osinaldek.
Hotel eta nekazal etxeetako okupazio maila %85 ingurukoa da, iazko datuak mantenduz. Goierrin pasatzen dituzten bataz besteko egun kopurua, berriz, 5-6 egunekoa.
Mendi ibilbideak eta Ordiziako azoka, arrakastatsuenak
Osinaldek emandako datuen arabera, turistak Goierrira gehien erakartzen dituena mendi ibilbideak, Ordiziako azoka, gaztandegiak eta Zeraingo meategiak dira. Asko dira Gaztaren Ibilbidea edota Ormaiztegitik Mutiloara doan Bide Berdea egiten dutenak, baita Lareoko buelta ere.
BITXIKERIA UGARI
Udak eta turismoak bitxikerientzako lekua ere uzten du. Uztailean, Irlandako bikote bat eztei bidaian etorri zen Goierrira, Idiazabal eta Ordiziara. Gastronomia atsegin zuen bikoteak, eta azoka eta gaztandegiak bisitatu nahi zituzten.
Bestetik, Holandatik Andaluziara autoz zihoan familia bat Seguran geratu zen gaua pasatzen, atseden hartzeko. Ingurua hainbeste gustatu zitzaien, egun gehiago pasatzera geratu baitziren Andaluziara abiatu aurretik.