Legazpin jaio zen 1951n. 30 urtetik gora dira Arantzazura doazen erromesei salda eskaintzen diela; egun erromeria ere egiten dute. Bihar da Arantzazuko basilikan Legazpiren eguna eta erromesaldia.Bihar Legazpiren eguna da Arantzazuko basilikan eta erro...
![Jorge_Gil](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/09/Jorge_Gil.jpg)
Legazpin jaio zen 1951n. 30 urtetik gora dira Arantzazura doazen erromesei salda eskaintzen diela; egun erromeria ere egiten dute. Bihar da Arantzazuko basilikan Legazpiren eguna eta erromesaldia.
Bihar Legazpiren eguna da Arantzazuko basilikan eta erromesaldia egingo dute legazpiarrek. Urteak dira zuk bideko geldialdirako salda prestatzen duzula. Nolatan?
Zegamako erromesek Arantzazura erromesaldia egin ohi dute eta orain 32 urte beraiekin elkartu nintzen Udana inguruan ni menditik nentorrela. Zegamarrek astoetan edana eta jana zeramaten eta trikiti hotsak ere bidelagun zituzten. Erromeria ibiltaria zen haiena. Egun astorik ez eta autoan igotzen dira.
Jai hura ikusita legazpiarrentzat ere halako zerbait egitea otu zitzaidan. Sei litroko termo bat erosi nuen, saldaz bete eta ibiltzen igotzen hasi nintzen Udanatik meategietara eta handik Ama Birjinaren iturriraino.
Eta ohitura bilakatu zen…
Bai. Gerora, duela hamar bat urte Sotero Plazaola orduko alkatearekin hitz egin genuen Pablo Ormazabalek eta biok. Udala inplikatzea nahi genuen eta saldaz gain festatxoa egiten hastea zen gure asmoa.
Biharkoa erromeria al da orduz geroztik?
Bai, halako zerbait. Salda, haragia, txorizoa, edatekoak eta abar igotzen dituzte Legazpiko Udaleko autoan. Txistulariek ere parte hartzen dute. Gerora izan diren udal gobernu guztiek ohiturari eutsi diote.
Erromeria, dena dela, aurretik ere egiten zen, ezta?
Bai, Patrizio Etxeberriaren denboratik eta aurretik ere egiten zela uste dut. Patrizioren garaian erromesak kamioietan joaten ziren Arantzazura. Orain autobusez joango dira batzuk Arantzazu bertaraino eta beste batzuk Udanaraino autobusez eta handik Arantzazura oinez doaz.
Jende asko biltzen al da?
Kopurua behera doa. Iaz 60 bat erromesek parte hartu zuten eta aurten 32 inguruk eman dute izena, hala ere, azkenean jende gehiagok parte hartuko duela uste dut.
Halako ohiturak desagertu bidean daudela esango zenuke?
Ez dakit. Jendea jubilatzen den heinean hasen da joaten. Izan ere, Arantzazun Legazpiren eguna astegunean egokitzen bada, laneguna da eta askorentzat ezinezkoa da joatea. Asteburuetan jende gehiago joaten da.
Zuk zergatik parte hartzen duzu erromeriaren antolaketan?
Legazpiarrentzat delako eta niri herriaren alde aritzea gustatzen zaidalako. Erromerian oso giro ona sortzen da, horrek balio dit niri.