Udazkenean, festak aurrena
Altzagan eta Gaintzan urteko jai nagusiak ospatuko dituzte, asteburuan; 'Sanmigelak'. Lazkaon festa herrikoia dute, bihar. Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere prest da egitaraua
ALTZAGAN, JARRAIPENA
Egiaz, altzagarrek San Migel jaien segimena izango dute, bihartik aurrera. Aurreko larunbatean aurreratu zituzten ekitaldi batzuk. Haurrek pintxoak prestatu zituzten, eta helduek IX. Patata-tortilla lehiaketan parte hartu zuten. Herriko frontenis txapelketako partidak ere jokatu zituzten. Bihar, mezarekin berrekingo zaie San Migel jaiei. Bazkaria izan ohi da eguneko hitzordu nagusia. Artea elkartean, menu oparoa izango dute altzagarrek. Giroa girotzeko, berriz, bertsolariak eta trikitilariak. Mozorrotuen txanda larunbatean da. Baserria jarri dute mozorrotzeko gai. Herri afaria egingo dute gauean (txartelak aurrez hartu behar dira). Igandean, azkenik, herri kirol erakustaldia eta bukaera gisa sagardo dastaketa izango dira. Aburuza, Zabala, Eguzkitza, Urbitarte, Setien, Otatza eta herriko Olagi sagardotegietako edariak ekarriko dituzte. Gazta eta txorizoa izango da jateko.Bihar, San Migel eguna · 12:00. Meza. · 14:00. Herri bazkaria, Artea elkartean. Iban Urdangarin eta Aitor Sarriegi bertsolariak; Gari eta Iñaki trikitilariak. · 21:00. Frontenis partidak: Altzaga-Arama. Etzi · 10:00-13:00 eta 16:00-18:00. Haur parkea eta puzgarriak. · 20:00. Herri afaria. · Ondoren. Mozorro gaua. Gaia: Baserria. · Gauean. Iñigo DJa. Igandea · 11:30. Altxorraren bila jolasa. · 18:00. Herri kirolak: Ugaitz Mugertza eta Iñaki Azurmendi aizkoran; Idoia Etxeberria eta Joseba Ostolaza harri jasotzen. Herriko gazteen proba mistoak. · 19:00. Sagardo dastaketa, txorizoa eta gazta.
GAINTZAN, MONDEJUA
Gaintzako San Migel festetan ere, agurreko ekitaldia jan-edanekoa izango da, igandean. Mondeju zuria eskainiko dute han, herriko ikur eta garai honetan egiten hasi diren hestebetea. Festak bihar hasiko dira Gaintzan. Otordu herrikoiei dagokienez, hamaiketakoa eta afaria dituzte bihar; larunbatean ere herri afarian elkartuko dira, aurretik patata-tortilla lehiaketan gosea ireki ondoren. Autobus zerbitzu berezia jarriko dute Ordiziatik Gaintzara joan-etorria egiteko. Ostiral eta larunbat gauetan izango da. Ordiziako tren geltokitik 21:00etan abiatuko da, eta itzulerakoa 03:00etan Gaintzatik. Musikari dagokionez, bihar Elizagoien Ahizpak joango dira, Itsaso eta June etxalartarrak. Trikitiz eta abestiz alaituko dute afal ondorena. Play-back lehiaketa ere egingo dute gaintzarrek. Larunbatean, Belaño eta Bedeinkatuak taldeek joko dute; igandean, Matx eta Urru trikitilariek.Bihar, san migel eguna · 12:00. Meza. · 13:00. Txupinazoa, Zapotxin. · 13:30. Hamaiketakoa, herritarrentzat. · 19:00. Poteoa, mozorrotuta. · 21:00. Herri afaria, frontoian. · 23:00. ‘Play-back’ lehiaketa. · Elizagoien Ahizpak abeslariak. Etzi · 12:00. Fronteniseko finala. · 17:00. Puzgarriak. · 18:30. Patata-tortilla lehiaketa. Unai Eizagirre ‘Attola’ eta Haritz Garmendia trikitilariak. · 21:00. Herri afaria. · Ondoren. Kontzertuak: Belaño eta Bedeinkatuak taldeak. Igandea · 12:00. Txirrindulari igoera. · 17:00. Kulki Artzainen parkea. · 19:00. Mondejua eta ardoa. · 19:00. II. Argazki Lehiaketa. · Egun osoan. Matx eta Urru trikitilariekin erromeria.
URTSUARANEN, ARDIKIA
Toki bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, festetan jateko garaian ere, ardikia da hori Urtsuaran auzoan (Idiazabal). Bihar, mondeju, ardi-gisatu eta txuletekin osatuko dute afaltzeko menua. Igandera arte, hiru eguneko egitaraua prestatu dute. Larunbata bisita ofizialaren eguna izango da Urtsuaranen —Idiazabalgo udal kideek han bazkalduko dute—. Bertsolariak, trikitilariak eta pailazoak ere eramango dituzte. Igandean, aldiz, herri kirolek hartuko dute tartea, aspaldiko eran. Aizkoran eta harri jasotzen erakustaldiak egingo dituzte.Bihar, SanMigel eguna · 20:00. Afariak: mondejua, gixatua eta ardi-txuletak. · 22:30. 24. Mus azkar lehiaketa. Etzi · 12:00. Meza. · 13:15. Txistulariak. Xabier Zeberio eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak. Joxe Elortza eta Pello Urdangarin trikitilariak. · 14:00. Idiazabalgo Udaleko ki-deen bazkaria. · 17:30. Patxin eta Potxin paila-zoak. Jolasak. Txokolate-jana. · 18:30. Bertsolarien saioa. · Iluntzean. Afariak eta trikitia. Igandea · 12:30. Herri kirolak: Aitor Urteaga-Joxe Ugarteburu, eta Xabier Dorronsoro-Angel Arrospide aizkoran, binaka. Xabier Aranburu ‘Guzta’ harri jasotzen. · 14:00. Herri bazkaria. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak. · 17:00. 26. Toka txapelketa, herritarrentzat.
LAZKAON, JAI EGUNA
Festa herrikoiaren eguna ezezik, jai eguna ere izango da askorentzat bihar, Lazkaon. San Benito ikastolan ez da eskolarik izango. Barandiaran kiroldegiak ere ordutegi murriztua izango du: 07:00etatik 13:30era, eta arratsaldean itxita (Ordiziako Majori erabili ahalko dute bazkideek). Udal liburutegia eta udal bule-goak ere 13:00ak arte ariko dira. Berritasun handiena, Wilson&Wilsonetis taldearen kontzertua da. Afal aurretik ariko dira, plazan. Apirilean kontzertua iragarri zuten Arerian, baina bertan behera geratu zen. Fito&Fitipaldis taldearen tributu edo laudatzaile dira; bihar arterako dute Lazkaon arantza. Herri afariaren ondoren Drindots talde lazkaotarrak joko du. LAPKE pilota eskolak ere San Migel txapelketako finalak jokatuko ditu. Finalaurrekoak atzo jokatu zituzten, sei guztira. Hiru partida izango dira, bihar. Eraso sexistarik, zarata eta alkohol kontsumo gehiegizkorik izan ez dadin, mezua zabaldu du Lazkaoko Udalak.Bihar, San Migel eguna · 11:00. Eskola-umeen arteko San Migel pilota txapelketa, plazan. · 11:30-14:00 eta 16:30-19:00. Haurrentzat jolasak eta puzgarriak, Lazkao Txiki Zelaian eta Euskadi enparantzan. · 12:00. Meza, San Migel elizan. · 14:00. Jubilatuen bazkaria. · 19:00. Buruhandiak eta Antzar Gazteak txistulariak, plazan. · 19:30. Wilson&Wilsonetis taldearen kontzertua, plazan. · 21:00. Herri afaria, plazan. · Gauean. Drindots taldea. Etzi · 11:00. Mendi duatloia, haurrentzat (benjamin, alebin eta infantilak). Plazan eta Hariztiaundin. · 16:00. Skate txapelketa, Goroskt elkartearen 4. urteurrenekoa.