Aitor Sarriegi: "Kartzelakoan umorera jotzeko apustua egin nuen eta ongi atera zitzaidan"
Maialen Lujanbioren atzetik sailkatu da Sarriegi Irunen atzo egindako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan
“Kristoren plaza zen atzokoa. Toki ona, ikusleak gogotsu zeuden eta ikusmin asko zegoen”.Lehenengo bi lanetan gustura geratu zela dio Sarriegik gaur, lo gutxi egin ostean, “puntu-erantzunetan beheraldia izan nuen, batean trabatu egin nintzen eta hura une kritikoa izan zen niretzat”. Bertsolari beasaindarrak Euskal Herrikoan despistatzeko tarte askorik ez dagoela gehitu du, “pixka bat despitatuz gero, edozein jarri ahal zaizu gainetik”. Bertsolari guztiei buruz ari da Sarriegi, salbuespena Lujanbio da. Hernaniarra beste nonbait kokatzen dela dio Sarriegik:
“Alienigena bat dirudi, ez nuen bakarkako lana entzun eta saioa amaitzean entzun nuenean… Ze pasada!”.Kartzelakoan Lujanbioren atzetik josi zuen bere bertsoa Sarriegik, behin gaia entzunda Lujanbiok zein motatako bertsoa egingo zuen aurreikusi zuela dio:
“Ni ildo beretik hasita jai nuela, eta erabat umorera jotzeko apustua egin nuen, zer edo zer oso diferentea egin behar nuenaren jakitun izan nintzen eta apustua ongi atera zitzaidan”.Zeinen azkar pentsatu zuen hori guztia adierazita, Sarriegik bertsolariek nola edonork ere oso azkar pentsatzen duela esan du eta gaia jartzeaz batera publikoan ere nondik hartu edo ez pentsatzen ari dela bat baino gehiago. Aurrera egin zuen atzo finalera bidean eta bere seigarren txapelketa eta azkena dela gogoratu du beasaindarrak, “azkeneko bitan finalean sartu naiz eta oraingoan ere gustatuko litzaidake sartzea, are gehiago azken txapelketa izanda”.