Sustrai sakonetan barneratzen da Gabonen ospakizuna, ohituren eta sinismenen lurrean. Argia eta sua ditu ikur, guztiak bat egin arte.
Euskal arbasoek, kristautasunaren aurretik, neguko solstizioa ospatzen zuten, egunak moztasun handienetik gorantz, argirantz ekiten ziola sumatu orduko. Negua atzo 17:28an hasi zen astronomikoki, eta martxoaren 20ra arte iraungo du. Neguko solstizioa une horretantxe izan zen: egun argi laburrena (9:17 ordu atzo), eta gau ilun luzeena (14:43 ordu bart) izan dira. Eguzkia urrunen egon zen, eta gaurtik aurrera luzatzen hasiko da eguna.
Euskal Herrian IV. mendean baziren kristauak. Lurralde osora zabaltzeak mendeak iraun zuen, ordea. Eguberrian egun berria ospatzen zuten indoeuropar kulturetan; solstizioen festak —nola negukoa, hala udakoa— jai paganoak ziren. Eguzkia gurtzen zuten, jainkotasuna ematen baitzioten bizi iturriari.
Izan denboraren joanean galtzen diren ohitura-hondarrengatik, izan joera berriagoengatik, erlijioak bereganatutakoak nahiz naturari estu lotutakoak, goierritar askok Gabonak ospatuko dituzte, bihartik aurrera.
Gabon-subilak edo enborrak gozatuko ditu sukaldeak. Su horren errautsei balio magikoa ematen zieten arbasoek. Olentzero-enborra ere esaten zitzaion zenbait tokitan.
Su forman agian ez, baina Olentzerok tximinia zulotik sartzen jarraituko du Gabon gauean. Goierritarrek, bien bitartean, oles eginez eta kantatuz ospatuko dute egun berria, argia, eguzkia, jaiotza eta heriotza, natura, subilaren sua. Bizitza.