Beasaingo, Ordiziako eta Legorretako proba beteranoez gain, Lazkaon, Zegaman eta Zaldibian ere badituzte lasterketak. Urretxu-Zumarragan proba mistoa dute
![Beasaingo_San_Silbestre_la](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/12/Beasaingo_San_Silbestre_la.jpg)
Gero eta gehiago dira urtea korrika eginez bukatzeko ohitura duten goierritarrak, eta horren adierazgarri da Goierrin egiten den San Silbestre proba kopurua ere. Aurten zazpi herritan egingo dituzte lasterketak.
Beasain, beteranoena
Goierriko San Silbestre probetan beteranoena da Beasaingoa. Aurten 44. edizioa beteko du Beti Gazte elkarteak antolatzen duen lasterketa herrikoiak. Lasterketa 12:00etan hasiko da, Gernika pasealekutik, baina parte -hartzaileek 9:30a eta 11:30a ar-tean pasa beharko dute txipa eta dortsala jasotzera. Ibilbideak 9,3 kilometro ditu. Proba dela eta, herriguneko trafikoa eten egingo dute 11:30etik 13:00etara bitartean. Aurretik, San Silbestre Txikia ere egingo dute, umeentzat. 10:00etan zabalduko dute izen-ematea eta 10:30ean hasiko da proba. Helburu solidarioa du, jasotako dirua, Herriak Elkarlanean GKErentzat izango baita.
Ordiziakoa, jendetsuena
Goiz Aterpe elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatutako San Silbestre probak eusten dio izaera herrikoiari. Izen-ematea doakoa da eta ehunka lagunek parte hartzen dute urtero. Aurten, 41. edizioa du probak. 18:00etan hasiko da, eta 6,3 kilometroko ibilbidea du. Aurretik, gaztetxoentzako proba ere egingo dute, 17:00etan hasita.
Legorreta, bertakoentzat
Eskualdeko lasterketa betera-noenen rankingean hirugarrena da Legorretakoa. Bilkoin kirol elkarteak 35. urtez antolatuko du San Silbestre krosa Legorretan. 12:00etan hasiko da eta 3,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Proba herrikoia da, doakoa, eta legorretarrek bakarrik har dezakete parte.
Lazkao, bidea egiten
Lazkaoko Antzar Korrikalariek antolatutako proba gaztea bada ere 6. edizioa du aurten herritarrek emandako erantzunari esker parte hartze handiko proba da. 12:00etan umeen proba egingo dute eta 13:00etan hasiko da helduena. 5 kilometroko ibilbidea du probak.
Zegama, maratoia jomugan
Elkartu Nahi kirol elkarteak antolatzen duen Zegamako San Silbreste probak ere seigarren urtea du. Gazteenetakoa bada ere, sona handia hartu du korrikalarien artean, jokoan Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsala lortzea dagoelako. 17:30ean hasiko da eta 5,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.
Zumarraga, bikoteka
Bikotekako San Silbestre Kros mistoa. Urola Triatloi Klubak antolatzen du. Proba 16:30ean abiatuko da Areizaga-Kalebarren plazatik eta parte hartzai-leek 5 kilometroko ibilbidea (2,5 km-ko zirkuituari bi itzuli) osatu beharko dute. Izena ematea 10 euro kostako da egunean bertan.
Zaldibia, beste eredu bat
Lehiakortasuna bultzatzen duten ereduak alde batera utzita, ukitu herrikoiagoa eman nahi dio Zaldibiako Gazte Asanbladak probari. 17:00etan izango da umeen lasterketa eta 17:30ean helduena. Izen-ematea ordu erdi lehenago zabalduko dute.