Goierriko lau ikerlarik haien ibilbideaz eta gaur egun esku artean dituzten ikerketa proiektuez hitz egin dute Beasaingo Igartzako jauregian, zientzia herritarrei hurbiltzeko.
Zientzialari hitza entzunda, laborategian probeta artean dabilen kimikariaren irudia etortzen da sarritan burura, baina zientziak makina bat alor dituen modura, zientzialariek ere milaka aurpegi izan ditzakete. Joan den azaroan, milaka aurpegi horietako lau ikusteko eta entzuteko aukera izan zen Beasaingo Igartzako jauregian. Lemniskatak antolatutako Azaroa Zientziaroa jardunaldiaren barruan, Goierriko lau ikerlarik haien ibilbidearen eta ikerketa esparruaren inguruan hitz egin zuten.
Bertako ikerlari eta ekintzaileak izenburupean, hirugarren urtez antolatu du Lemniskatak Goierriko ikerlarien topaketa. Zientzia herritarrei gerturatzea eta zientzialarien eguneroko lanaren berri izatea dira helburuak. Eta interesa piztu zuen jardunaldiak, Igartzako aretoa guztiz bete baitzen.
Haien lanaz pasioz hitz egin zuten Iñaki Diaz beasaindarrak, Eli Aierbe ordiziarrak, Maitane Salsamendi zeraindarrak eta Urtzi Aiesta beasaindarrak. Alor ezberdinetan doktoreak dira, eta guztiak ere nazioarteko unibertsitate zein ikerketa zentroetan aritutakoak. Gaur egun ere, ikerketa dute laurek eguneroko zeregina. Roboten munduan murgildurik dabil Diaz, auto elektrikoak garatu nahian Aierbe, gaixotasunen diagnosia hobetzeko tekniken bila Salsamendi, eta sare egituren funtzionamenduari azalpen bat bilatu nahian Aiesta.
Laurek aipatu dituzte ikerketan aritzearen zailtasunak. Besteak beste, zailtasun ekonomikoak , baita ziurgabetasuna ere. «Ikerketak oso epe luzekoak izaten dira; emaitzak lortzeko, urte askotako lana behar izaten da, eta askotan ez dugu jakiten esku artean dugun ikerketarekin jarraitzeko modurik izango dugun ala ez, ez dakigulako hurrengo urteetan finantzazioa izango dugun», azaldu du Salsamendik.
Dena den, zailtasunak zailtasun, gustuko dute haien lana eta hori helarazi zieten Igartzan bildutako entzuleei ere. Ordubete pasatxoko saioan, zientzia den eremu zabal horren lagin batez gozatzeko eta ikasteko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta, gainera, bertako ikerlarien eskutik.
Urtzi Aiesta: Telekomunikazio Ingeniaria
Sare eta konexioen funtzionamendua ulertu nahian
Telekomunikazio ingeniaria da Urtzi Aiesta beasaindarra. Iruñean (Nafarroa) egin zituen ikasketak, eta geroztik hainbat herrialdetan izan da ikasten zein ikerlari gisa lanean. Gaur egun, irakaslea da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko informatika fakultatean. Gainera, Okzitaniako Tolosako (Frantzia) IRIT laborategiko ikerlaria da.
Eta zer ikertzen du Aiestak? Bada, sareen zientzia, edo zehatzago esanda, sareen modelizazio matematikoa. «Sarez inguraturik gaude;?esaterako, gure garuna sare bat da, neuronen konexioen bidez funtzionatzen duena», azaldu du. Trafiko sarea edota sare elektrikoa dira beste adibide batzuk.
Aiestaren esanetan, sare guztiek oinarrian elementu komunak dituzte, adibidez, konexio puntuak. Gainera, gizakiak sortutako sareek zein naturan topa daitezkeen sareek ere antzekotasuna handiak dituzte. Sare edo egitura horien funtzionamendua aztertzea da beasaindarraren lana. Esate baterako, nola topatu bi konexio punturen arteko distantziarik laburrena? Horrelako galderei erantzuna topatzen saiatzen da.
Esan bezala, sareak edonon topa ditzakegu, baina dudarik gabe gaur egun Internet da sare ezagunena. 1969an, hiruzpalau makinaren arteko konexioa zen Internet. Gaur egun, berriz, milioika konexio daude. «Eta, hala ere, sarearen hasierako algoritmoa ez da aldatu», azaldu du Aiestak.
Garrantzitsua da sarearen funtzionamendua ulertu ahal izatea. «Adibidez, Google-en arrakasta sarearen funtzionamendua analizatzeko duten ahalmenean oinarritzen da».
Maitane Salsamendi. Kimikaria.
Gaixotasunen diagnosi azkarra eta fidagarria helburu
Zientzia eta ikerkuntza behar beharrezkoak dira Maitane Salsamendi zeraindarren ustez, «ongizatea hobetzen dutelako eta gizartearen beharrei erantzuten dietelako». Kimikan lizentziatua eta doktorea da, eta hainbat urte igaro ditu Eskozian. Hantxe hasi zen nanomaterialek osasunean eta biomedikuntzan izan ditzaketen aplikazioak ikertzen, eta arlo berean lanean jarraitzen du gaur egun ere, POLYMAT ikerketa zentroan, Donostian.
Salsamendiren ikerketen helburua hauxe da:?nanomaterialen bidez gaixotasun ezberdinen diagnosia egin ahal izateko sistema fidagarri bat sortzea. «Nanomaterialak begi bistaz ikusten ez diren tamainakoak dira», azaldu du. «Diagnosia azkarra, fidagarria eta maila molekularrekoa izatea da helburua».
Diagnosia maila molekularrean egin ahal izateak, diagnosia egiteko odol tanta batekin nahikoa izango litzatekeela esan nahi du. «Gaixotasuna asko garatu aurretik diagnostikatu ahal izatea ahalbidetzen du horrek».
Zeraindarrak argi du esku artean duena epe luzeko ikerketa dela, eta ez dituela ziurrenik epe motzeko emaitzak lortuko. «Hala ere, asko interesatzen zait eta pozik nago gizartearen ongizatea hobetzeko mendi honetan aletxo bat jartzeko modua dudalako».
Gustura aritu arren, zientziaren munduan zailtasunak badirela ere ez du ezkutatu. Ikerketak laguntza ekonomikoen mende izaten direla adierazi du Salsamendik, eta ondorioz ziurgabetasun handia dagoela. Horrez gain, gizartearen ongizatea lortzeko oraindik ere egiteko asko dagoela uste du.
Iñaki Diaz. Ingeniari Industriala
Gizakiari lana errazteko, biomedikuntzarako robotak
Ingeniari industriala da Iñaki Diaz beasaindarra, eta mekatronika da bere ikerketa eremua. Mekanika eta elektronika batzen dituen edozein mekanismo hartzen du bere baitan mekatronikak, adibidez, robotak. TECNUMeko ingeniaritza fakultateko irakaslea izateaz gain, CEITeko mekanika aplikatu saileko ikerlaria da. «Robot mota asko daude, baina gure sailean lantzen ditugun robotek gizakiarekin harremana dute; hau da, gizakiek kontrolatzen dituzte».
Funtzio ugaritarako robotak garatzen dituzte. «2000-2010 urteetan industriarako robotek zuten arrakasta; 2010etik 2017ra, berriz, biomedikuntzarako robotak ikertzea izan da joera, eta orain berriro ere industriari begira jarri gara», azaldu du Diazek.
Hain zuzen ere, biomedikuntzari lotuak dira azkenaldian garatu dituzten robotak. Esaterako, Robotracker izeneko robotarekin ari dira orain lanean. «Bizkarreko ebakuntzak egiteko robot asistentziala da; oraindik prototipo bat baino ez da, baina oso ondo funtzionatzen ari da».
Iktus kasuen erreabilitazioan laguntzeko balio duen robota ere badarabilte esku artean. «Iktusa izan eta gero, mugikortasuna berreskuratzeko behin eta berriro errepikatu behar izaten dira mugimendu batzuk; robot honek mugimendu horiek egiten laguntzen du, terapeutaren lana erraztuz».
Amaigabeak dira robotek bete ditzaketen funtzioak. Esku artean duten beste batek, alergia testak egiteko balio du. Oraindik proba fasean dago, baina oso gustura daude lortutako emaitzekin. Kasu guztietan, gizakien lana arintzea da helburua.
Eli Aierbe. Ingeniari kimikoa.
Ibilgailu elektrikoak hobetzeko lanean buru-belarri
Curriculum luzea eta bete-betea du Eli Aierbe ordiziarrak. Goi Mailako Ingeniaritza Kimikoa ikasi zuen Zaragozan. 2002an amaitu zuen eta ordutik hainbat enpresa eta teknologia zentrotan lan egin du. Gaur egun CIDETEC ikerketa zentroko Energiarako Materialen Unitatean lan egiten du, eta bateria modelatze taldeko liderra da. Horrez gain, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan doktoretza egiten ari da.
Dena den, zein da gaur egun Aierberen ikerketa esparrua? Bada, klima aldaketari aurre egiteko soluzioak ikertzen ditu bere lantaldeak. Zehazki, garraio elektrikoen garapena aztertzen dute.
Nola areagotu ibilgailu elektriko baten autonomia? Nola lortu kargatzeko denbora murritzagoa izatea? Galdera horiei erantzuten saiatzen dira haien ikerketen bidez, beti ere, kimikaren ikuspegitik. «Gaur egun ibilgailu elektriko baten autonomia 400-500 kilometro ingurukoa da, eta hori hobetu nahi dugu», azaldu du Aierbek.
Erronka gehiago ere badituzte esku artean. Esaterako, ibilgailu elektrikoek abiadura handiagoa lortzea, duten gastua murriztea, seguruak izatea edota bateriak ibilgailuak adina irautea. «Bateria autoa baino lehenago hondatzen bada, ez du merezi ibilgailu elektriko bat erostea».
Aierberen ustez, klima aldaketa errealitate bat da, eta gizakia ari da aldaketa hori eragiten gaur egungo bizi ohiturekin. «Baina soluzioak badaude, eta beharrezkoa da soluzio horietan ikertzen jarraitzea».