Ordiziako 750. urteurrenaren harira hitzaldi sorta antolatu dute aurten
Aurten, Ordiziak hiri gutuna jaso zueneko 750. urteurrena ospatuko da. Data seinalatu hori modu berezian ospatu nahi dute eta ekintza sorta polita prestatu dute horretarako. Horien artean daude, gai desberdinen inguruan antolatutako hitzaldi edota solasaldi zikloak.
Pasa den asteazkenean, Ordiziako medikuntzaren historia hitzaldiak, ireki zuen 750. urteurrenaren harira antolatutako osasun zikloa deiturikoa. Osasun zikloaren barruan, 15 hitzordu prestatu dituzte, azaroaren 7ra arte. Barrena kultur etxean, D’Elikatuz zentroan eta Zuhaizti zentroan izango dira.
Bestalde, osasuna ez den beste gai batzuk jorratzeko aukera ere egongo da, solasaldi zikloari esker; Ordiziako iragana aztertu oraina ospatu eta etorkizuna proposatzeko aukera emango baitu ekimen horrek. Horrela, Ordiziako errealitate soziala, politikoa, artistikoa, eta ekonomikoa ezagutzeko aukera luzatzen da. Kasu honetan, Barrena kultur etxean izango dira hitzaldiak, 19:00etan hasita.
Gaurko hitzaldia
Joxean Mujika beasaindarra, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta arkeologoak, Bizitza eta heriotza Aralarren erromatarren aurretik hitzaldia emango du gaur, urteurrenaren harira antolatutako solasaldi zikloaren barruan. Goierrin, gizakiak erromatar garaiaren aurretik utzitako aztarnak eta bere testuingurua azaltzan saiatuko da Mujika. Herritar guztiak gonbidatuta daude gaurko hitzorduan parte hartzera.
Solasaldi zikloa · Gaur. Joxean Mujika, Bizitza eta heriotza Aralarren erromatarren aurretik. Euskaraz. · Otsailak 9. Jokin Lanz, Goierri azken burdin aroan eta aintzinatean. Euskaraz. · Otsailak 23. Iosu Etxezarraga, Gizartea, populaketa eta lurraldearen antolaketa Villafrancaren aurretik. Euskaraz. · Martxoak 9. Susana Truchuelo, Ordizia, behe erdi aroko Gipuzkoan. Gaztelaniaz · Martxoak 16. Susana Truchuelo, Ordizia Austrien garaian; aldaketak ostertzean. Gaztelaniaz. · Apirilak 13. Alvaro Aragon, Enirio-Aralar batasuna. Euskaraz. · Apirilak 20. Ana Galdos, Ordiziatik Villafrancara, erdi aroko herri baten eraketa. Gaztelaniaz. · Maiatzak 4. Carlos Rilova, Moscuren ondoren eta Leipzig baino lehen. Napoleonen gerrateetako gudaldi handi txiki bat. Ordizia 1813. Gaztelaniaz. · Maiatzak 17, 18, 19 eta 20. 1835eko Villafrancako setioa. · Irailak 14. Juan Jose Usabiaga, Ordiziako ondare eskultorikoa historian zehar. Euskaraz · Irailak 28. Jose Ramon de Miguel, Urdaneta eta bere denbora. Gazteleraz. · Azaroak 28. Patxi Garmendia, Eskean ibili. Gazteleraz. · Abenduak 14. Nerea Iraola, David Cano eta Ion Ander Arzelus, Ordiziako hiribildua eta azoka bostehun urte elkarrekin. Euskaraz. Osasun zikloa · Otsailak 5. Iktusa, zer da eta nola ekidin. · Otsailak 21. Iktusaren tratamenduan aurrerapenak Gipuzkoan. · Martxoak 8. Alargunen pentsioak, betiko aldarrikapena. · Martxoak 15. Elikadura, mitoak eta errealitateak. · Apirilak 18. Aurretiazko borondatea. · Maiatzak 3. Zergatik jarri txertoa nire seme-alabei. · Maiatzak 15. Osasuna eta generoa. · Maiatzak 31. Adikzioak: sustantziak eta sare sozialak. Eta tabakoarekin zer egin? · Ekainak 5. Inma estudioa, ingurumena eta haurtzaroa. · Irailak 13. Zahartze aktiborako bizitza osasuntsua. · Irailak 20. Eduki burmuina forman Alzheimerra uxatzeko. · Urriak 10. Zer dakigu gure osasungaien inguruan? · Urriak 24. Donazioak bizitza ematen du. · Azaroak 7. Haurtzaroaren eskubideak.