Hondakinen inguruko eztabaida anitza eta irekia bultzatu nahi dute, plan integral bat osatzeko helburuarekin .Goierriko hainbat gizarte eragilek babestu dute egitasmoa
Gipuzkoako hondakinen gaian herritarren parte-hartzea bultzatzeko helburuarekin sortu da Hitzartu egitasmoa. Lurralde osoan ari dira sarea egituratzen, eta bihar, Goierri mailako aurkezpena egingo dute. Beasaingo udaletxeko batzar aretoan izango da, 19:00etan. Herritarren arteko prozesu bat bultzatu nahi dute, eta eztabaida plural eta ireki baten bidez, Etxeko Hondakinen?Kudeaketarako Plangintza bat egitea dute helburu.
Hitzartu egitasmoa eta biharko deialdia aurkezteko agerraldia egin dute eskualdeko hainbat eragilek. Prozesua «behetik gora» egin behar dela azaldu du Monica Monteagudok, gero «Gipuzkoako gobernu instituzioetan eztabaidatu eta onartu» dezaten. Horretarako bi mahai osatu nahi dituzte, mahai soziala edo eztabaida mahaia; eta mahai teknikoa edo idazkaritza mahaia. Aurrenekoan herritar eta eragileek proposamenak egin eta eztabaidatu egingo dituzte, eta bigarrenak, 2017-30 urteetarako Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Integralaren edukiak osatu eta idazteko ardura izango du.
Aitor Garmendiak berriz Hitzartu egitasmoarekin bultzatu nahi dituzten beste helburu batzuen inguruan hitz egin zuen. Eztabaida «plurala, anitza, transbertsala eta irekia» bultzatu nahi dute, «Gipuzkoako herrialdean zabor politikaren gainean sumatzen den etsipena» gainditzeko. Erakunde publikoen «propaganda eta marketingaren ordez», eztabaida eta proposamenak egin eta herritarrek «parte hartzeko esparru berri bat» sortu nahi dute, «erabakitzeko prozesuetatik at dauden gizarte sektoreak» ere kontuan hartuta.
Hainbat eragileren babesa
Hitzartu egitasmoarekin eta bere filosofiarekin bat egin dute gizarte, kultura eta kirol arloko Goierriko hainbat eragilek. Babesa eman duten edo saioan izango direnetako batzuk dira Iker Irribarria pilotaria, Elixabete Garmendia kazetaria edota Iker Zubeldia eta Aitor Sarriegi bertsolariak.
Baina prozesu hori aurrera eraman ahal izateko, «babes soziala handitzen ari den bezala, babes ekonomikoa handitzea ezinbestekoa» dela azaldu dute bultzatzaileek. 10.000 euroko oinarrizko babesa lortu dute dagoeneko, baina «prozesu ahalik eta txukunena» lortzeko, 30.000 euro bildu nahi dituzte. Ekarpenak egiteko, crowdfounding kanpaina abiarazi dute
itsulapikoa.eus webgunean. Laboral?Kutxan eta Kutxabanken ere kontu korronte bana zabaldu dute, ekarpenak egiteko.