Usurbe baserriaren goiko zelaietan sastrakak eta oteak garbitu dituzte .Etorlur elkarteak egin ditu garbiketa lanak .Bestalde, baserrietara iristeko 78 seinalaztapen berri jarri ditu udalak
Usurbe mendiaren magalean dagoen Usurbe baserriaren goiko eremuko maldatako zelaietan, sastrakak eta oteak kentzeko lanak egin ditu Beasaingo Udalak, «belardiak eta landa eremuak garbi edukitzeak udalerriari eta lurrari egiten dion onura kontuan harturik».
Denbora batez lanak etenda egon badira ere, udal gobernuak berriz ekin dio eginkizun horri, «Beasainmendiko lehen sektoreari zor zaion errekonozimendua dela eta». Etorlur elkarteak egin ditu lanak.
Udalak jakinarazi duenez, «Usurbe baserria ezaguna da bere nekazaritza eta abeltzaintza jarduerari esker, zein herriari begira daukan mendi malda garbiaren kokaguneari esker.?Honela, belardi eremu hauetan ganadu mota desberdinak ibiltzeko aukera baliatzen da».
Baserrien seinalaztapena
Era berean, herriko baserrietara iristeko seinaleztapen berria jarri du udalak. «Erauskin edo Beasainmendi auzoan izan ezik, jada jarrita zeudelako; gainontzeko udalerriko baserrietara iristeko seinaleak jarri dira. Errepide nagusitik baserria dagoen tokiraino kokatzen dira kasu bakoitzean eta seinaleetan baserriaren izena eta distantzia adierazten dira».
78 seinale jarri dituzte guztira Matxinbentan, Astigarretan, Garinen, Arriaranen, Salsamendin, Gudugarretan, Ugartemendin, Zunzunegin, Pagorriagan eta Loinatz auzoan.
28.917,27 euroko aurrekontua izan du. Beasaingo Udalak «ondareak eta izanak duen balioa ikusarazi» nahi du horrekin, «antzinako izatearen lekukotza bistarazi eta leku zein eraikinek duten jatorrizkotasunari garrantzia eman». Era berean, «ondarea gizarteratuz, izana eta izena lotzen dira eta aipamen honek garenari eta nortasunari garrantzia ematen dio».