Beasaindarra Mariaren Lagundiko erlijiosa izan zen. Filipinetan lau urte egin zituen, eta Madrilgo Vallecas auzoan 30. Botoa eman daiteke ostiralera arte
Madrilgo Vallecas auzoko La Albufera etorbideko 78 zenbakiko plazari emakumezko baten izena jarri nahi diote. Parte hartze prozesua egiten ari dira eta lau hautagai daude aukeran; tar-tean dago Amaia Imaz beasaindar erlijiosa zena. Bihar arteko epea dago botoa emateko,
ferendum.com webgunean. 11.000 lagunek beraien iritzia eman dute eta botoen erdiak baino gehiago beasaindarrak jaso ditu. Erlijiosaren ahizpak, Concha Imazek, bozketan parte hartzera animatu nahi ditu beasaindarrak, «Madrilgo plaza baten izena beasaindar batena izan baitaiteke». Concha bera larunbatean Vallecasera joango da, 18:00etan egingo den ekitaldira.
Segurako German Imaz autobus gidariaren eta Carmen Almandoz Segurako maistraren ondorengoak dira Amaia (1933) eta Concha (1936). 1941ean Beasaingo Nafarroa Etorbidean zuten etxebizitza utzi eta Donostiara joan ziren bizitzera. Mariaren Lagundiko Donostiako ikastetxean egin zituen ikasketak Amaiak. Goi mailako batxilergoa 1954an amaitu, eta nobiziatua hasi zuen ikastetxearen ondoko eraikinean. Magisteritza ikasketak egin zituen, ingeleseko espezializazioarekin. Eskolak eman zituen Orduñan, Haron, Irunen, Tuteran, Zaragozan eta Logroñon.
21 urterekin moja
Concha ahizpak gogoratu duenez, 21 urterekin moja joatea erabaki zuen Amaiak, «nahiz eta aitak ez utzi. Adin nagusitasuna bete zuenean (orduan 21 urte ziren), moja joan zen. Gehienek uste zuten ez zuela iraungo».
1964an Filipinetara joan zen Amaia, «bakarrik», ordena fundatzera; lau urte egin zituen bertan, emakumeekin, umezurtzekin, presoekin… lanean. «Marcos Imeldaren garaia zen», gogoratu du Conchak. «Asko maite zuten Filipinetan. Gerrillako umezurtzentzako Lady Amaia Fundazioa sortu zuten Filipinak utzi eta 10 urtera».
1986an iritsi zen Madrilera, Vallecas auzora. «Oporretan etorri zen eta berak berriz ere itzuli nahi zuen Filipinetara, baina ez zioten utzi, Filipinetan bera hiltzeko arrisku handia zegoen eta». Vallecasen ere berehala hasi zen lanean hainbat gizarte mugimendurekin, «batez ere emakumeen eskubideen defentsan; emakumeen defendatzaile sutsua izan zen».
Helduen alfabetatzean lan handia egin zuen, ijito arrazako emakumeen alfabetizazioan indar handia jarriz. Garai hartan langabezia handia zegoen Vallecasen, miseria handia. Puente de Vallecaseko Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan aritu zen ondoren. Barro elkartea sorreran lan nabarmena egin zuen.
La Maya deitzen zioten auzotarrek. «30 urte dira Vallecas utzi zuela eta oraindik ere asko gogoratzen dira Amaiaz. Lan handia egin zuen».
57 urterekin Alzheimer gaixotasunarekin hasi zen eta Vallecasetik Valladolidera eraman zuten, Mariaren Lagundiaren egoitzara. 2005ean hil zen 72 urte zituela. «1998an Vallecasetik atera zen, baina betirako gelditu zen auzotarren bihotzetan».
Joaten zen lekuan maitatua
Alberto anaiak hiru hitzekin laburbiltzen du bere ahizparen bizitza: «Umiltasuna, ardura eta altruismoa». Joandako lekuan arrastoa utzi izan zuen beti Amaiak. Ahizparen bideari jarraituz, Conchak ere lan asko egiten du behar gehien dutenei laguntzen; «batez ere justiziaren bila». Besteak beste, Donostiako Hazi eta Ikasi Eskola Laguntza Solidarioarekin boluntario lana eginez. Baliabide urriak dauzkaten familiei laguntzen saiatzen dira, beraien seme-alabak eskola jarraipenean sostengatuz.