Oihal organikoekin haurrentzako arropak egiten dituzte Maitane Ariztimuñok eta Aritz Perezek. Haurrentzako baserritar jantzi integrala da sortu duten azkena. Online denda irekiko dute laster.
Bizitzako gertakarien aurrean bi jarrera daude aukeran; bata, blokeatuta gelditu eta ezer ere ez egitea edota zezenari adarretatik heldu, etorkizunari begira erabakiak hartu eta bidean aurrera egitea. Eta hori da hain zuzen ere Ordizian bizi den bikote honek egin duena; Maitingorri marka berria sortu dute. Haur txikientzako baserritar jantzi integralak egitea da izan duten azkeneko burutapena.
Maitane Ariztimuño (Lazkao, 1987) eta Aritz Perez (Donostia,1978) dira Maitingorri arropa marka berri honen sortzaileak. «Duela bost urte inguru langabezian gelditu» zela kontatzen du Ariztimuñok eta «denbora librea aprobetxatzeko asmoarekin josten hasi» zen. Josten ikasteko «
Youtuben tutorialak ikusten» zituela argitu du, «autodidakta moduan».
Haren bikote Aritzen kuadrillan umeak izaten hasiak ziren, eta berak egindako arropak oparitzen zizkien lazkaotarrak. Ariztimuñok berak sortutako opari eta arropen aurrean, erantzuna beti berdina izaten zela eransten du; «asko gustatzen zitzaizkiela esaten zidaten guztiek eta horrela, nire buruan pentsamendu hori sortu zen».
Ariztimuñok egindakoak ez ziren haurrentzako arropa arruntak: «Oihal bereziekin egindakoak dira», nabarmendu du. Han eta hemen bila ibili ondoren «Alemanian gustuko oihalak aurkitu» zituen eta baita asmatu ere, «aurrekoak baino gehiago gustatu baizitzaizkion jendeari». «Oihal organikoak dira denak eta gehienak estanpatu edo irudi alaiak dituzte, oso deigarriak dira. Gainera, kotoizkoak dira guztiak», adierazi du Perezek.
Inguruko lagunentzako arropak «etxean egiten hasi» zela dio Ariztimuñok. «Etxean josten nuen bertan neukalako josteko makina. Baina egia da langabezian egon arte inoiz ez nuela makina hori ukitu ere egin», gehitu du. «15 urterekin gurasoek oparitu» zioten makina, eta horrekin hasi zen.
Enpresa berria
Denbora pasa eta lagunentzako opariak egiteko asmoarekin hasi baziren ere, gaur-gaurkoz, Maitingorri enpresa sortu dute eta horren bidez salduko dituzte modu artisauean egindako arropak. «Ikusita ingurukoei egiten genuena asko gustatzen zitzaiela, azoketara joaten hastea ideia ona izan» zitekeela pentsatu zuten.
Azoketara hurbiltzerakoan konturatu ziren «negozio ideia zena aurrera ateratzea posible izan» zitekeela eta hortan zeresan handia izan zuen Perezek Ekimena faktorian parte hartu izanak. Ekimena, Ordiziako Udalak abian jarritako programa da, eta langabezian dauden pertsonei edota ekintzaileei zuzenduta dago.
Baserritar jantzi integrala
Haurrentzako arropak eta kalitate handiko oihal organikoak saltzeaz gain, guraso diren haiek segituan haiekin bat egiteko ideia izan dute: «Haurrentzako baserritar jantzi integralak egiten hasi gara», adierazi dute. Xuhar otsailean jaio zen, eta bikotearen lehenengo semea da. Elkarrizketa egiterako unean, baserritarrez jantzita ekarri dute, haiek diseinatu eta jositako jantzietako batekin.
Bikoteak adierazi moduan, «guraso direnek badakite zein konplikatua den haur txiki bati baserritar jantzia jartzea, eta ez hori bakarrik, jantzita duela piezarik ez galtzea». Horregatik, «alkandora, praka, txalekoa eta faja josita doaz mutilen kasuan; eta nesken kasuan berriz, alkandora, gona, azpiko gona eta txalekoa bat dira».
Une honetan, online denda egiten ari dira, baina laster izango dute martxan. Bertan, duten aukera guztia ikusi ahalko da.