Eñaut Agirre: «Bertso zaharren egarria badago, lehengo ohitura urritu bada ere»
Zabalkunde handia izan du Eñaut Agirre (Hernani, 1977) bertso zaharrak kantatzen ari den bideo batek, sare sozialetan. Afizioa du biltzeko, eta gaur Gabirian ariko da, Unai anaiarekin. Lazkaomendin bizi da.Bertso zaharren gaurko saioa nolakoa pentsatu...
Jendeak bertso zaharren egarririk ba al du? Eskaria izan duelako egin ditugu guk saioak. Guk ez dugu hau eskaini, eskatu egin digute. Orduan, ikusten dut hor badagoela egarri bat. Egia da urte batzuetan ohitura pixkanaka galtzen joan dela. Lehenago oso normala zen kalean etengabe kantatzea, tartean bertsoak zirela. Gaur egun ez zaigu hala iruditzen, baina giro hori bazegoen. Beti-betikoa izan da kantatzeko ohitura, besteak beste jendeak irakurtzen eta idazten ez zekien garaian, informazioa halaxe pasatzen zelako batetik bestera. Modu formalagoan edo informalagoan, beti kantatu da. Baina ohitura galtzen ari da. Gaur egun, ez naiz harritzen jendeak bertso zaharren irrika edukitzea, ez ditugu kantatzen eta. Buruz hartzen dituzue bertso guztiak, paperik gabe? Bai. Ari eta ari lortzen da, ez dago sekreturik. Errepikatzea eta errepikatzea da kontua. Hori egiteko gai edozein da, ez pentsa. Pertsonak beti izan du dohain hori ere, gauzak buruan hartzekoa. Orain paperari lotuak gaude gehiago, eta segurtasun gabezia dugu buruz aritzeko. Baina buru guztiak daude programatuta. Asko entseatu beharko duzue Unaik eta biok etxean, ala? Bai, etxean aritzen gara. Batzuetan, elkarrekin bi bozetan kantatzen dugu. Saioetarako zerrenda bat egina daukagu, kanta litezkeen aukerekin; hortik erabakitzen dugu zein kantatu, zeinek zein. Bertso batzuk memorizatuta dauzkagu, beste batzuk erdi memorian. Bertsoen kontestua azaltzea ere beharrezkoa da sarri, ala? Bai. Esplikazioa behar dutenetan, ematen dugu azalpena. Bestela atenporalak edo oso galduta gelditzen dira; askotan, garai bateko bertsoak gaur egunean ez luke joko. Gabiriako saiorako, adibidez, saiatu gara inguruko bertso batzuk bilatzen. Zahar-zaharrik ez dugu aurkitu, baina berrixeagoak bai. Horien esplikazioa emango dugu. Zer kantatuko duzue bestela? Aipatutako bertsolariak, eta gehiago ere sartuko ditugu. Ezagunak direnak baina agian ez entzunegiak. Unaik bertso sail berriak ere baditu, berak egindakoak, eta kantatuko ditu. Klasiko samarrak, jendeari ezagun egingo zaizkionak ere bai. Ezezagunak ere izango dira, seguru. Ingurukoa mimatu nahi izan dugu, eta horko bilketa bat ere egin dugu.«Eskaria izan duelako egin ditugu saioak, guk ez dugu eskaini»
«Ari eta ari lortzen da bertsoak buruan hartzea, errepikatuz»
Gabirian bertso zaharren saioa eta afaria dute, gaur
Unai eta Eñaut Agirre anaia bertsolariek bertso-afarian kantatuko dituzte, gaur, bildutako bertso zaharrak. Afaria 21:00etan hasiko da, Osinalde elkartean. Izena asteazkenerako eman behar zen. Ondoren egingo dute bertso kantaldia. Udaberri Kulturalaren barruko saioa da. Asteburuan beste bi ekitaldi ere izango dira, Gabirian. Bihar, 17:30ean, Iparburuko trena filma jarriko dute, kultur etxean. Igandean, 17:00etan, Txindata musika eskolakoek kontzertua egingo dute, eliza ondoko aretoan.