Artista bat omendu, eta beste gazte bat aurkitu
Ataungo Troskaeta tabernan Xanti Iruretagoiena omentzeko arte erakusketa dago jarrita. Beste artista ataundar bat deskubritzeko ere balio izan du, Izaro Erauskinen lanak txundituta utzi baititu adituak.
Xanti Iruretagoiena parte hartzekoa zen Agauntzako Ur-Zozoak kolektiboak Ataunen ipintzekoa zuen arte erakusketan. Goierriko artista batzuek osatu zuten taldea, eta San Martin auzoko Troskaeta taberna aukeratu zuten galeriatzat. Patua halakoxea izan, eta apirilaren 22an hil zen Iruretagoiena. Taldeko kideek, ordea, egileen zerrenda mantendu ez ezik, Xantiren omenez jarri dute marrazki, margo eta eskultura bilduma bat. Uztailaren 22ra arte egongo da, Troskaeta tabernaren goiko aretoan (astearteetan itxita, asteko atsedenagatik). Tabernan lehen aldia da erakusketa bat jarri dutena.
Ataungo kultura arloan Iruretagoienak utzi zuen hutsunea nolabait gozatu beharrez, jende saldoa bertaratu da erakusketa ikustera. Maiatzaren 17an ireki zuten. «Etxeko laguna genuen Xanti, asko etortzen zen hona. Oso irekia zen, eta kultur saltsa askotan zegoen sartuta. Haren galera handia sumatu da herrian, eta erakusketan nabaritu da herritarren erantzuna», diote Troskaetako Aitor Aldasorok eta Marijose Galparsorok.
Taberna irekita dagoen edozein unetan joan liteke Agauntzako Ur-Zozoen lanak ikustera. Zazpi lagunek jarri dituzte sorkuntzak: Koldo Goitiak, Iñaki Bastarrikak, Gabriel Kortak, Izaro Erauskinek, Koldo Cadiernok, Koki Hernandezek; eta Iruretagoienaren beraren lagin bat ere badago, margoak eta zurezko eskulturak. Tartean, Jentilen Etorreraren 25. urteurrenerako ondu zuen pintura.
Taldeko gehienak Koldo Cadierno zumarragar margolariaren dizipuluak dira. Ikastaro bat egin zuten harekin, eta Agauntzako Ur-Zozoak eratu zuten. «Talde horrek proposatu zigun erakusketa jartzea. Xanti bera egileen artean ageri zen. Hil zenean, bere omenez jartzea erabaki zuten», dio Aldasorok.













