Iaz baino %0,4 bisitari gehiago pasa dira Goierri beheko turismo bulegoetatik. Uztailean eta abuztuan jatorri askotako 15.766 pertsona hurbildu dira informazio puntuetara
Turistentzat erakargarria da Goierri behea, hori da 2018ko udako datuek azaleratzen dutena. Izan ere, «iaz baino turista eta bisitari gehiago pasa dira Goierriko turismo bulegoetatik, 2017an baino %0,4 gehiago», atzo Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak adierazi zuenez. Felix Urkola Mankomunitateko lehenkadaria ere izan zen aurtengo datuen aurkezpenean eta «pozik» agertu zen jasotako datuekin.
2016. urteko udako turismo datuen gorakada ikusgarriaren ondoren %23,2ko izan baitzen, urtetik urtera goranzkoa izan da joera Goierri behean. 2017an %0,4 egin zuen gora eta aurten ere %0,4koa izan da igoera. Kontuan izan behar da emandako datuak Goierri beheko turismo bulegoetan jasotako datuak direla. Ataunen, Beasainen, Idiazabalen, Lizarrustin, Ordizian, Ormaiztegin, Seguran, Zegaman eta Zerainen jasotako datuak dira, beraz. Uztailan eta abuztuan, 15.766 pertsona pasa dira bulego horietatik; 8.664 uztailean eta 7.102 abuztuan.
Jatorria eta arrazoiak
Aurtengo udan ere, aurrekoetan bezala, katalanak izan dira batez ere Goierri bisitatzera gerturatu direnak. Bigarren postuan, Valentziatik eta Madrildik etorritakoak daude. Dena den, Espainia osotik etorri dira turistak. Nabarmena da gainera, Andaluziatik, Gaztela Mantxatik eta Gaztela Leondik etorritako turisten igoera.
Bestalde, aipatzekoa da baita ere atzerritik etorritako bisitarien kopurua. Frantzia, Alemania, Herbehereak eta Estatu Batuetatik etorri dira batez ere.
Egonaldiak behera
Bisitarien kopuruak gora egin badu ere, egonaldien bataz bestekoa «zerbait jeitsi» dela adierazi zuen Osinaldek prentsaurrean. «Batez beste, 4-5 egun igaro dituzte Goierrin bisitariek», argitu zuen Goiturreko gerenteak. Dena den, «7-8 egun bitarteko egonaldiak ere izan ditugu» gehitu zuen.
Orokorrean datuak «onak» dira eta horrek badu zergatia. Izan ere, «komertzializazioa oso garrantzitsua da» eta arlo horretan, Goierri ezagutzera ematen «lan handia» egiten ari dira azken urteotan Goiturrekoak