Ijitoa jaistearekin batera hasiko dituzte festak itsasondoarrek, gaur
Gaurtik igandera arte luzatuko dira Itsasondoko festak. Pilotalekuan kokatuko dute festa gune nagusia. Egitarauan, Itsashow talentuen saioa izango da berrikuntza nagusiaAzkeneko hilabeteetan fin aritu da lanean Itsasondoko festa batzordea asteburu hone...
Gaurtik igandera arte luzatuko dira Itsasondoko festak. Pilotalekuan kokatuko dute festa gune nagusia. Egitarauan, Itsashow talentuen saioa izango da berrikuntza nagusia
Azkeneko hilabeteetan fin aritu da lanean Itsasondoko festa batzordea asteburu honetarako guztia prest izateko. Izan ere, gaur, Ijitoa jaistearekin batera hasiko dituzte ofizialki festak itsasondoarrek eta igandera arte luzatuko dira. Arbelaitz elkarteko kideek esango dute aurten pregoia, 18:30ean, eta horrekin batera lehertuko da festa.2001etik, irailaren hirugarren asteburuan ospatzen dituzte Itsasondon festak. Aurretik, abuztuan, Andre Maritan ospatu ohi zituzten. Gaur egun oraindik, abuztuaren 15ean jubilatuen bazkaria egin ohi dute baina jaiak, ofizialki, asteburu honetan ospatuko dituzte.
Gainera aurten, beste berrikuntza batzuk ere izango dira hainbat arlotan, bai egitarauari dagokionez eta baita festen gune nagusiari dagokionez ere.
Pilotalekua, gune nagusia
Aurreko urteetan, Itsasondoko plazan karpa jarri izan dute eta hura izan da jaietarako gune nagusia. Aurten, pilotalekua berritzen ari direla aprobetxatuz, bertan kokatu dituzte eszenatokia eta txosnetako bat. Festa gunea ere pilotalekuan kokatuko da.
Modu horretan, estalpe finkoa duen festa gunea izango dute egunotan. Gainera, irisgarritasun arazorik ez da izango, pilotalekuko zorua kalearen altura berera igotzeko betelana egina baitago.
Itsashow
Urtetik urtera, egitarauak ez du aldaketa handiegirik izaten, baina berrikuntzaren bat edo beste sartu ohi dute, eta aurten ere hala egin dute. Itsashow aurtengo berrikuntza; talent show bat da. Bihar,larunbata egingo dute pilotalekuan, 19:00etan hasita.
Telebistako talent show saioen antzera, Itsasondoko talentuak ezagutzera emango ditu ekitaldi berri honek. Zazpi taldek parte hartuko dute eta denetik ikusi ahalko da; batzuk dantzan, beste batzuk kantuan, antzerkia, edo beste abilezia batzuen erakustaldiak egingo dituzte.
Gainera, bihar, mozorroen eguna ere bada. Aurtengo gaia pelikulak da. Hortaz, taula gainera igotzen direnak ere mozorrotuta igotzea espero da.
Horrez gain, izango da ongi pasatzeko aukera Itsasondon egunotan; zinta karrera, toka txapelketa, herri afaria, Errebal taldearen dantzaldia, paella jana, puzgarriak eta beste hainbat gauza ere izango da. Herritar eta inguruko guztiak gonbidatuta daude festetara.