Antonio Arrizabalagaren gorpuzkia Zumarragara ekartzea eskatu dute
Zumarragako Udalak Espainiako gobernuari Antonio Arrizabalaga Ugarte zumarragarraren gorpuzkia Erorien Haranetik herriko hilerrira ekartzea eskatu behar dio, familiak hala eskatuta. Gai hau astearteko osoko bilkuran landu zuten eta alderdi guztiek
Zumarragako Udalak Espainiako gobernuari Antonio Arrizabalaga Ugarte zumarragarraren gorpuzkia Erorien Haranetik herriko hilerrira ekartzea eskatu behar dio, familiak hala eskatuta.
Gai hau astearteko osoko bilkuran landu zuten eta alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Arrizabalagaren senitartekoak bertan izan ziren.
Arrizabalaga Zumarragan jaio zen, 1911n. Trenbidean lan egin zuen. Bere amonarekin, amarekin eta arrebarekin bizi izan zen, lehenengo Legazpi dorretxean eta ondoren Ugarte-Enean. Etxe hau trenbide ondoan zegoen.
Juventudes Socialistas taldeko kidea izan zen eta Francoren aldekoak altxatu zirenean Errepublikaren alde borrokatu zen, Amuategi batailoiarekin.
Hainbat ekintzatan parte hartu zuen: Gernikan, Durangon, Lemoatxan, azpiegiturak suntsitzen altxatuei aurrera egitea eragozteko… Bere arreba Zallan egon zen errefuxiatuta eta han ikusi zuen azkenezkoz bere anaia.
Atxiloketa
1937ko abuztuan atxilotu zuten, Santanderren. Gaixo edo zaurituta zegoen, baina Zaragozara bidali zuten, zigor batailoi batera. Han hil zen, 1937ko azaroaren 17an, sukar tifoideek jota. Zaragozako Torrero hilerrian lurperatu zuten eta 1961eko otsailaren 28an bere gorpuzkia Eroriren Haranera eraman zuten. Familiari ez zioten ezer esan eta 45 urte geroago jakin zuten.
Familiak gorpuzkia Zumarragara ekarri nahi du eta, horretarako, udalaren laguntza izango du. Iñigo Jaka ilobak hitza hartu zuen udalari eskerrak emateko. «Udal honek osasun demokratikoa duela erakutsi du eta eskerrak eman nahi dizkiogu. Gure panteoian bere izena jartzen du, baina bere gorpuzkia ez dago bertan. Panteoia zain du».
Arrizabalagaren senitartekoak Silvia Navarrorekin joan ziren osoko bilkurara. Emakume hau errepublikazaleen gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzeko borrokatzen ari den elkarteko kidea da. «Traba asko jasaten ari gara, baina gorpuzkiak handik atera behar dira. Dagokien tokira itzuli behar dira. Gurea dena itzultzea besterik ez dugu nahi», esan zuen.
Zumarragako Udalak tasak eta zergak izoztea erabaki du
Astearteko osoko bilkuran tasak eta zergak izoztea ere onartu zuten. PSE-EE eta EAJko zinegotziek alde bozkatu zuten eta EH Bildu eta Irabazikoak abstenitu egin ziren.
PSE-EEk ez ditu gainontzeko alderdien proposamenak aintzat hartu. Mikel Serrano alkateak epez kanpo aurkeztu dituztela esan zuen.
Zumarragako Udalak bost urte daramatza zergak izozten. Serranoren esanetan, zorra inoiz baino txikiagoa delako izoztu ahal dituzte zergak. Urari dagokiona bakarrik igoko da. %2,2, hain zuzen ere. Arcelor Mittalen itxiera dela eta, ur zerbitzua kudeatzen duen Aquarbe enpresa espero baino diru gutxiago jasotzen ari da eta tasa hau galeraren zati bat ordaintzeko igo da.
Gazteentzako laguntzak
Gazteen autonomia eta emantzipazioa bultzatzeko ematen diren diru laguntzen berri ere eman zen. 2018ko hirugarren hiruhilekoan 44 eskaera jaso dira: 39 etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eta bost, autoenplegurako. Eskakizun guztiak bete dituztenez, eskatzaile guztiek jasoko dute diru laguntza. Udalak ia 21.000 euro banatuko ditu. Eskaerak aurkezteko laugarren epea abenduaren 15ean bukatuko da.
Astearteko osoko bilkuran udal langileen soldata %1,75 igotzea ere onartu zuten. Bestalde, Sasieta mankomunitatearen estatutuak aldatzea onartu zuten. Aldaketa horri esker, Itsaso mankomunitatean sartu ahal izango da.
Bukatzeko, alderdi guztiek EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zuten. Sare herritar taldearen mozio horretan presoen urrunketa politikarekin amaitzea eskatzen da. «ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren aurrean, uste dugu espetxe politika berri bat behar dela. Hain zuzen ere, presoak zigorrak gizarte eta familia erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubidearen alde».