Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusiko bi txapela beltzen ondoan, Zaldibiako Udazkeneko Zapi Janztea bertso-saioko bi buruko zapi ere baditu Maialen Lujanbiok. Ostiral gauean lotu zioten bigarrena, iazko estreinakoaren errepika.Zapiak Bat elkart...
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa nagusiko bi txapela beltzen ondoan, Zaldibiako Udazkeneko Zapi Janztea bertso-saioko bi buruko zapi ere baditu Maialen Lujanbiok. Ostiral gauean lotu zioten bigarrena, iazko estreinakoaren errepika.
Zapiak Bat elkarteak antolatuta, eta feminismoa bertsolaritzatik indartzeko ahaleginean, Zubi-Buru soziedadea bete afaltiarrekin eta entzulerekin ospatu da bigarren saioa.
Udazkeneko II. Zapi Janztean, «saio borobila» egin dute mahaian ziren lau bertsolariek, bertan ziren entzuleen gozamenerako. Maddalen Artzallus, Maialen Lujanbio, Unai Agirre eta Unai Iturriaga gonbidatu dituzte aurten. «Bertso mamitsu eta gogoangarriak utzi dituzte lau bertsolariek», dio entzule batek.
Hirugarrena bidean
Iazko saiotik bat bakarra zen errepikatzailea: Maialen Lujanbio zapiduna. Ostiraleko saioan ere, entzuleek hura jo zuten onentzat, bukaeran botoa emanda. Hala, buruko zapia lotu zioten, bigarren aldiz.
Zapiak Bat elkartekoen asmoa, bertso-afaria urtean behin egitekoa da. Irabazlea zapidun izendatzeaz gainera, hurrengorako zuzenean gonbidatzeko araua jarri dute. Beraz, Lujanbio Zaldibian izango da, berriz ere.