Urriko osoko bilkuran Mugikortasun Plan berria onartu dute jeltzaleek sozialisten aldeko boto «kritikoarekin». EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziek kontra bozkatu dute
Legazpiko azken udalbatzarrean Mugikortasun Plan berria onartu zuten EAJko udal gobernuko zinegotzien aldeko botoekin eta PSE-EE alderdiko bi zinegotzien boto «kritikoekin»; adjektibo hori Oscar Valbuena bozeramaile sozialistak erantsi zuen. EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziek kontra bozkatu zuten. Gaiak sortutako eztabaidaren ardatza izan ziren planak Latxartegi parkean lur azpiko aparkaleku bat egiteko aukera jasotzen duela, eta aparkalekua finantzatzeko supermerkatu bat eraikitzeko asmoa agertzen zuela; haatik, planaren inguruko batzordeko eztabaidan supermerkatuaren aukera kanpoan geratu zen.
Irabazi alderdiko bozeramaile Alberto Bezunarteak planaren kontra egiteko hiru arrazoi nagusi azaldu zituen: «Lan prozesua desegokia izan da, planak ez dauka zehaztasunik eta Latxartegin lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeari bidea ematen dio. Gure ustez, eraikuntza horrek betiko baldintzatuko luke Legazpiko mugikortasunaren eredua».
Oscar Valbuena sozialista aparkalekua egitearen alde agertu zen, baina «supermerkaturik gabe». Aldeko boto «kritikoa» emango zutela gehitu zuen, «ordenantza fiskalak eztabaidatzeko aukerarik gabe, mugikortasun plana lantzeko hobariak proposatzeko aukerarik ez dugulako izan».
Alderdien jarrerak
EH Bilduko Mikel Altzelaik plana «ez da onartzeko modukoa», esan zuen. «Udal teknikarien eta legazpiarren parte hartzea planean ez da behar bezainbestekoa izan. Halaber, batzordera ekarritako planak supermerkatuaren aukera zekarren eta, gure ustez, udal hauteskundeak gertu daudenez, batzordea eten zuten eta aukera hori planetik atera zuten». Altzelaik gaur-gaurkoz aparkaleku berri baten beharra auzitan jarri zuen, «mugikortasun planean sartu baino, beharrezkoa bada udal aurrekontuetan sartu beharko litzateke».
Javier Iraeta jeltzaleen bozeramaileak 150 tokiko aparkalekuak izango lukeen aurrekontua ikusita 2,5 milioi euro, «irtenbideak bilatzen saiatu gara eta supermerkatuarena aukera bat zen, baina jendartearen erantzuna ikusita, aurrera ez egitea erabaki genuen». Nolanahi ere, osoko bilkuran izandako eztabaidan aukera hori noiz geratu zen kanpoan ez zen argi geratu; aurretik edo mugikortasun plana osoko bilkurara eraman aurreko batzordean, alegia.
Supermerkatuaren eta aparkalekuaren kontrako herri plataforma bat sortu zen, eta 1.097 sinadura bildu dituztela iragarri berri dute. Aitzitik, sinatutako dokumentuarekin batera helarazi duten testuan EAJk eta PSE-EEk Latxartegiko lur sailaren birkalifikazioa sustatu dutela jasotzen da erabilera komertziala eman ahal izateko eta Valbuenak nabarmendu zuenez, «hori ez da egia inondik ere, eta testu hori sarera igo dutenei kentzeko eskatu nahi diet ez baita egon inolako birkalifikaziorik».
Latxartegi parkeko aparkalekuaren eztabaidak mugikortasun planaren ezaugarrien gaineko azalpenak lausotu zituen.