Postuz postu ikasgai ugari jaso daitezke astero; erosketak eta ikasketak uztartuz adin guztietako jende dezente atzo ere. Kanpoko gereziak eta marrubiak ikusi dira.
Postuz postu ikasgai ugari jaso daiteke astea joan astea etorri, urtea joan urtea etorri. Ikastetxe askotatik helburu horrekin etorri ohi da ikasle talde ugari, eta D’elikatuz zentroan harrera egin ondoren, Legorretako Ugaro eskolako ikasleak galdezka eta enkarguak egiten fin asko zebiltzan posturik postu atzo goizean zehar.
Dena dela, garaian garaikoa eta nongoa den zer jakiteak duen garrantzia, bakoitzak eman dionaren adinekoa dela esango genuke. Zenbat buru hainbat aburu. Ferian eta konfiantzazko saltzaileengandik hori ere ikas genezake, horretarako borondatea izanez gero behintzat. Ordizian banaketa berez egina da. Plaza barnean, bertakoak eta ekoizleak. Plaza inguruan, kanpoko produktuak eta salmentan ari direnek eskaintzen dituztenak.
Teoriatik harago doan kontua bada ere, bi produktu deigarri atzo kanpokoen artean: marrubia eta gerezia. Hemen ekoiztuak jateko hilabete dezente itxaron beharra dago, biak ala biak ere udaberriko frutak direlako. Marokotik ekarritako lehen marrubiak, kiloa 9,5 euroan. eta Argentinako (han udaberria) gereziak, kiloa 4 euroan salgai dira dagoeneko Ordizian, bidaia barne; biltzen aritu direnei galdetu behar merezi ote duen. Urte gutxitan pentsa ezina izatetik normala izatera pasatu da.
Hemengoak, aldiz, eta plaza barruan orain salgai dauden frutei dagokienez, mizpirak (3-5 euroan kiloa), kiwiak (3 euroan kiloa) eta sagar mota ugari aipatu behar dira. Atzo granny smith delako sagarra aurkeztu zuten. «Gaur lehenbizikoak, iraupen oneko berantiarra da. Kanpotik ekarria, baina hemen ondo txertatu da. Bixi antzekoa. Asko gustatzen den sagarra da» esan zigun Jose Antonio Aizpuru errezildarrak (2,5 euroan kiloa).
Bestetik, barazkietan aparteko berririk ez bazen ere, aukera handia dago.
Goizean goiz jaikirik
Elizanbururen kantak dioen bezalaxe, «
Goizean goiz jaikirik argia gaberik…» plaza barnean kokatzen direnen artean lehena iristen da astero astero Maria Jesus Oria: «Goizeko 06:00tan lanera joan aurretik etortzen da jendea astero eta ni hemen izaten naiz 05:00ak edo 05:30a aldera». Itsasoko Eztalagoitiko Agustina Lopetegi amaren segida hartu zuen aspaldi. Agustinak, berriz, txikitatik amarekin etortzen zenekoa ondo gogoan du bere ia 90 urterekin.
Atzo goizeko 10:00etarako ia hutsik zuen sal-mahaia Maria Jesus Oriak, baina ez generorik ekarri ez zuelako: porruak, azak, azaloreak, tipulak, baratxuriak, zerbak, ziazerbak, azenarioak, txikoriak eta azkenera arte iraun zuten kuiak, borrajak, eskarola gutxi batzuk…
Goiz etortzearen saria nonbait.