![IMG_8341](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/12/IMG_8341.jpg)
Gasteizko Martin Ttipi kultur elkarteak 2018ko Urteko Nafarra saria Segurako Rafael Berasategiren Erraztiolatza erakustokiari eman dio, “hainbat urtez euskaldunon nafartasun politikoa Goierrin aldarrikatzeagatik, eta euskal kulturaren alde egindako lan eskergatik”.
Berasategik 2008an sortu zuen Erraztiolatza erakustokia edo museoa, eta “aintzinako ohiturak eta gure arbasoen egunerokoak” ezagutzeko aukera eskaintzen du. Berasategiren esanetan, “aurten 3.0000 lagunetik gora pasatu dira bertatik”. Hainbat ofiziotako tresnak ikus daitezke bertan: aroztegiko tramankuluak, zerraiak eta errementariaren lanabesak, ehungintzan erabiltzen ziren bi telar, animalientzako zepoak, fosilak, presoak lotzera erabiltzen ziren burdinezko girgilduak, XVII. mendeko Seguran egindako metro bateko iltzeak…
Bestetik, Seguraren eta Seguraren aurretik izan zen Erraztiolatzaren historia ere biltzen du Erraztiolatzak, Berasategik berak egindako maketen bidez. “Gaur egungo historialariak berridazten ari diren historia biltzen du Berasategik”, adierazi dute Martin Ttipia elkartekoek.
“Euskal Herriaren ezkutuko historia ikertzen duen taldea da Martin Ttipia. “Herri bat garela, Nabarra izan ginela erakusten dugu, eta hainbat zirkunstantzia tarteko iritsi ginela gauden tokira. 1200. urtean Gaztelak asmatutako izenak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa”. 1199an Gaztelako Alfontso VIII.aren setioaren aurkako defentsa zuzendu zuen tenientea izan zen Martin Ttipia.
Rafael Berasategik eskerrak eman dizkie Martin Ttipia elkartekoei, Nabarralderi eta “asko laguntzen didan Bixente Albizuri”.
Oroigarria eman ondoren, goizean museoan eta herrian bisita gidatua eta bazkaria egin dituzte.