Euskararen Egunarekin batera bukatu da Euskaraldia, hamaika eguneko saiakera. Agur moduan, ekitaldi ugari egin dituzte Goierrin, gaurtik aurrera ere, erabilera aldarrikatzeko.
Euskararen Egunarekin batera bukatu da Euskaraldia, hamaika eguneko saiakera. Agur moduan, ekitaldi ugari egin dituzte Goierrin, gaurtik aurrera ere, erabilera aldarrikatzeko.
Beasainen jendetza bildu zen, Euskaraldia agurtzeko ekitaldian // A. Apalategi
BEASAIN // Letrak, hitzak eta kantak, euskara indartzeko
Festa giroko ekitaldi batekin agurtu zuten Euskaraldia, atzo, Beasainen. Jendetza bildu zen Loinazko San Martin plaza azpian. Iaz Txuku Mutxu egitasmoarekin hasitako bide beretik, erabilera bultzatzearen aldeko mezuak entzun ziren atzo, Euskararen?Egunean. Beasainen euskara eta ikastolak bultzatu zituztenak ere gogoan izan dituzte. Dantza eta kantuekin osatu zuten jai giroko ekitaldia.
Euskaraldiaren despedidako ekitaldiaz gain, larunbatean Irakurketa Erraldoia ere egin zuten Igartzan.?Egitasmoa antolatu duen herri ekimena gustura agertu da emaitzarekin, azken bi hilabeteetan 258 herritarrek «euskaraz eta modu aktiboan» irakurri dutelako. «Mintzalagun eta belarriprest askok irakurri, irakurritakoa ulertu eta solasgai bihurtzeko egindako ahalegina» nabarmendu dute antolatzaileek. Larunbateko ekitaldian ere, beste 125 elkartu ziren Igartzan, Juan Kruz Igerabide idazlearekin batera. Saioa hunkigarria izan zela eta asko bide horri jarraipena emateko prest agertu zirela diote.
LEGAZPI // Euskaraldiarekin batera agurtu dute Zingi Zango
Legazpiko bihotzean agurtu dute Euskaraldia eta agurtu dute, baita ere, Zingi Zango elkartea. Bertsoak, kantuak, ikus-entzunezkoak eta hamaika urteren buruan, bildutako legazpiar askoren esker ona.
Zingi Zangoko zapiak banatu dituzte eta haiekin batera euskalgintzaren lekukoa herritarrei eman diete.
Euskararen Eguneko ekitaldia egin zuten atzo, Ordiziako plazan // A. Vierbücher
ORDIZIA // Parte hartzaileak omenduz itxi dute hamaikagarrena
Euskaraldiari amaiera emateko Ahobizi eta Belarriprest guztiei omenaldia egin zieten atzo arratsaldean Ordiziako Plaza Nagusian. Agiriaren irakurketarekin hasi zuten ekitaldia eta Euskaraldiko hamaikakoari Agurra dantzatu zieten bukatzeko. Egunotan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute 1.600 bat ordiziarrek.
San Benitio ikastolako ikasleek kalejira jendetsua egin zuten atzo // A. Maiz
LAZKAO // Kalejira eta erromeria, euskarari loria
Egun osoko festa giroa izan zen, atzo, Lazkaon. San Benito ikastolako ikasle guztiak, mila inguru, kalejiran ibili ziren, goizean. Ikastolatik irten eta plazaz plaza ibilita, enparantzan bukatu zuten jira, aldarria irakurrita. Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta Arerian izan ziren, ikasleekin. Arratsaldean, erromeria eta kantu saioa izan ziren.
Azken urteetako ohitura jarraituz, dozenaka lagun elkartu ziren Mintzodromoan // L. Agirre
URRETXU-ZUMARRAGA // Mintzodromoa eta ikastetxeen saioak, agurrean
Euskaraldia agurtzeko, Urretxun eta Zumarragan ondo ezaguna duten formula bat aukeratu dute: Mintzodromoa. Ahobizi eta Belarriprest formulen aurrekari den bilgune horrek urteak daramatza euskaldun zahar eta berriak mahaiaren bueltan berriketarako elkartzen.?Aurten ere dozenaka lagunek parte hartu dute, larunbateko saioan.
Euskararen Egunaren harira, ikastetxeak izan dira ekitaldi bereziak antolatu dituztenak. La Salle-Legazpin kantu eta dantza saioa izan dute, eta mosaiko bat ere osatu dute. Ikastolako eta Lizeoko ikasleek, giza katea egin dute herrian barrena.?Gainzurin ere kalera atera dira, eta Urretxuko udaletxe aurrean bukatu dute kalejira, han ere, dantza saioa eginda.
Kantu-poteoarekin eta sari banaketarekin agurtu dute Euskaraldia Seguran // N. Begiristain
SEGURA // Lehiaketa eta kantu poteoa, agur esateko
Seguran ere festa giroan agurtu zuten Euskaraldia, igandean. Badakink lehiaketako sariak banatu zituzten aurrena; Segurari eta bertako euskarari buruzko lehiaketan 29 lagunek parte hartu dute aurten, Estitxu Telleria izan da irabazlea. Segidan, koruko kantariek eta musikariek lagunduta, pintxo potea egin zuten, kantuz eta giro onean.
ZALDIBIA // Kantua, dantza eta Kimueneren irekiera ekitaldia
Lardizabal eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek kantuan eta dantzan ospatu zuten Euskararen Eguna. Aurrez, Euskaraldiaren txapa egin zuten eskolan.
Iluntzean eman zioten herritarrek bukaera Euskaraldiari –500dik gora lagunek hartu dute parte–, Kimuene kulturgune berria estreinatzearekin bat.
ATAUN // Euskaraldiari agur jendetsua, kantuz eta dantzaz
Euskaraldiaren hasierako ekitaldia bezala, bukaerakoa ere jendetsua izan da Ataunen. Atzo iluntzean egin zuten bilkura, San Martingo plazan. Eate abesbatza, Otsoak dantza taldea, Pili Eskisabel ipuin kontalaria, eta herriko trikitilari eta bertsolariak izan zituzten lagun. Txokolate janarekin bukatu zuten ekitaldia.
Talo janaren aurretik, Euskaraldiaren agurreko talde argazkia atera zuten igandean // N. Begiristain
MUTILOA // Talo artean agur Euskaraldiari eta kultur asteari
Euskararen?Eguna eta Euskaraldiak Mutiloako Kultur Astearen bukaerarekin bat egin dute aurten; hori dela eta, igandean ospatu zituzten hirurak Mutiloan. Txerri?Gorri elkartean bildu ziren herritarrak eta taloak prestatzen aritu ziren arratsalde osoan, gero afari merienda egiteko. Tartean ordea, taldeko argazki jendetsua egiteko tartea ere hartu zuten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.