Apirilera arte egongo dira aldundiaren aterpetxean. Une honetan 17 urteko 11 mutil daude; 9 marokoarrak eta 2 algeriarrak. Urtarrilaren amaierarako 32 izango dira
Gipuzkoara iristen diren adin txikiko etorkinak gero eta gehiago dira azken aldian. Patxi Agiriano foru aldundiko Haurren eta Nerabeen Babeserako Zerbitzuburuak emandako datuen arabera, duela hiru urte 200 izan ziren iritsitakoak eta aurten 700 izango dira. «Horietatik %10 gelditzen dira Gipuzkoan». Donostiako Uba Zentroa gainezka dago. Iritsi berriak diren gazteek 3-4 hilabete egiten dituzte eta handik ateratakoan, beste zazpi zentro daude Gipuzkoan adin txikikoentzat. Zortzigarrena, behin-behinekoa, Seguran ireki dute, foru aldundiaren aterpetxean, «behin betikoa izango den zentroa egokitu arte»; apirilera arte egongo dira. Agirianoren esanetan, «zerbitzu sozialetatik Kultura sailari eskatu genion aterpetxe batean tokia. Segura eskaini ziguten eta Segurara etorri gara». Goierriri dagokionean, Zumarragan ere badago adin txikiko etorkinentzako zentroa.
Hamdi Kadri da Segurako zentroaren zuzendaria. Berarekin batera, 8 hezitzailek eta 4 arduradunek osatuko dute lan taldea. Une honetan 17 urteko 11 mutil daude, 2 algeriar eta 9 marokoar, «paperak dituztenak, emantzipaziorako eta enplegurako prestatzen ari direnak. Lana bilatzea dute helburua, familiari laguntzeko. Karga handia da familia beraientzat».Urtarrilaren amaierarako 32 gazte egongo direla aurreikusten dute. Lau unitate edo taldetan banatuko dituzte gazteak «talde txikietan heziketa lana egokiagoa delako. Talde bakoitzak bere programazioa dauka, bakoitzaren beharren eta helburuen arabera. Etengabe hezitzaileekin egongo dira». Gazteen formazio perfilari dagokionean, «askok ikasketak dituzte eta beste asko ikasketa gabeak dira; beste batzuk, berriz, alfabetatu gabeak, lana egin dute beraien jaioterrietan. Hizkuntza, euskal kultura, bertako ohiturak, tailerrak eskainiko dizkiegu».
2008an adin txikiko zentrokoekin izandako esperientzia txarra gogoan dute segurarrek eta Eñaut Telleria alkateak eskerrak eman dizkie arduradunei, aterpetxeko ateak ireki eta bertan egiten duten lana erakusteagatik. Era horretan, 2008ko argazki hura aldatzeko laguntza eskaini die Segurako udal ordezkariek, Aniztasunaren batzordearen bidez.
Kadriren eta Agirianoren esanetan, 2008ko adin txikikoek eta gaur egungoek ez dute zerikusirik. «2008ko gazteen perfila asko aldatu da. Haiek iritsi berriak ziren, eta gaur egun iristen diren gazteak beste perfil batekoak dira. Ez dira konfliktiboak. Hegazkinean, itsasontzian edo autoan etortzen dira. Lana egiteko helburuarekin datoz. Segura beraien etxea dela esan diegu, zaindu egin behar dutela».
Astean zehar aterpetxean egingo dituzte otorduak eta asteburuan Atseden elkartean, aterpetxean sukalde zerbitzurik ez dutelako. Alkatearen esanetan, «gastatu behar duten dirua herrian gastatu nahi dute. Honela, kanpotik
katering bidez janaria ekartzearen aukera baztertu eta Atseden elkartean egitea erabaki dute. Era berean, segurarrekin harremantzeko modua ere izango da».