Gazte talde baten ekimenez Oria ibaia garbitzen aritu dira Beasainen
Beasaingo gazte talde baten ekimenez, Oria ibaian, bonberia eraikinaren eremuan garbiketa lanak egiten aritu dira gaur goizean. 20 bat pertsona elkartu dira, tartean hainbat udal agintari ere egon dira laguntzen. 09:30ak inguruan ekin diote lanari eta bi orduz ahal izan duten zabor guztia jaso dute errekatik. Lanak amaituta, kamioi txiki bat bete dute, 500 bat kilo zabor denera; plastikoak, latak, ibilgailu baten depositoa, muletak, patinete bat eta beste hainbat gauza atera dituzte.
Ekimen honen asmoa, “eremua garbi mantendu eta sortzen dugun zaborraren inguruan gizartea sentsibilizatzea da”, Josu Bujandak eta Iñaki Huicik, ekimen hau mobilizatu dutenek esandakoaren arabera. Asmoa, “horrelako lanak burutzen jarraitzea da”, erantsi dute.
Ekimen honen aurrean, Beasaingo Udalaren jarrera, “hasieratik babesa ematea” izan dela adierazi du Aitor Aldasorok Beasaingo alkateak. “Herritik sortutako ekimena da eta aurrerantzean ere horrelako gehiago izatea espero dugu”, gehitu du. Momentuz, gazte talde honek udalarekin hartutako konpromisoa “erreka garbitzeko elkarlanean jarraitzea da”.